Opor sasoia ate joka dugu eta eskualdeko hainbat udaletxek txikienek udan ere euskaraz dibertitu, jolas eta bizi daitezen hamaika ekimen antolatu dituzte.
Aurten Okondoko Udalak Udalekuak Jarduerak eskainiko ditu uztailaren 2tik 31ra. Udalekuetan 3-12 urte bitarteko neska-mutilek parte har dezakete.Antolatzaileek adierazi duten moduan, Okondon erroldatutakoek lehentasuna izango dute, epetik kanpo dagoen izen ematerik ez da onartuko eta plaza kopurua mugatua izango da.
Egun horietan ekintza ugari antolatuko dira: eskulanak, jolas ludikoak, jolas kooperatiboak, gymkanak, uretako ekintzak, abenturak eta kirolak, besteak beste.
Izena emateko inskripzio horria bete eta Udaletxean entregatu behar da ezarritako epearen barruan, maiatzaren 21etik ekainaren 12ra arte, alegia.
Prezioei dagokionez, ume baten izena emateagatik 80euro, bi umeren izena emateagatik 140euro eta hiru ume apuntatuz gero 180euro.
Aiarako Udalak Etxaurren eta Luiaondon antolatutako ekintzak 3 eta 14 urte bitarteko adinakoei zuzenduta egongo dira.Iraupena uztailaren 1etik 31ra izango da goizeko 10:00etatik 13:30etara. Okondon bezala, eskainitako plaza kopurua mugatua da eta beraz, erroldatutakoek lehentasuna izango dute izena emateko orduan.
Izena emateko inskripzio fitxa bete behar da eta Udalean entregatu ekainaren 6tik 19ra arte, biak barne.
Prezioak hurrengoak dira, ume baten izena emateagatik 50euro, birena emateagatik 70euro eta hirurena emateagatik 90euro.
Amurrioko Aspaltza Euskara Elkarteak ekainean ludotekako lau txanda antolatu ditu 3 eta 8 urte bitarteko haurrentzat. Ludotekan lantegiak eta jokoak egingo dituzte elkarteak Amurrioko Aiara Etorbidean duen lokalean.
Txandak: :
Ekainaren 3tik 21era, 15:00etatik 17:00etara, 25 euro
Ekainaren 7tik 21era, 15:00etatik 17:00etara, 20euro
Ekainaren 21ean, 10:00etatik 13:00etara, 3euro
Ekainaren 24tik 28ra, 10:00etatik 13:00etara, 15 euro eta 15:00etatik 17:00etara, 10euro.
Izena ematea posta elektroniko bidez egin daiteke hurrengo helbide elektronikora joz, aspaltza@hotmail.com . Bertan, izena, adina, telefono zenbakia eta aukeratutako txanda zehaztu behar da. Plaza kopurua mugatua izango da.