Arabako Foru Aldundiak “Giro onean” lemapean ostalaritzan euskararen erabilera eta presentzia sustatzeko kanpainia abiatu du. Aiaraldeko hainbat herritan garatuko da; Okondon, Artziniegan eta Aiaran, hain zuzen ere.
Kanpainak jatetxe, taberna, ostatu, hotel, landetxe eta upeltegietako hizkuntza-paisaian eta bezeroentzako dokumentazioan apurka-apurka euskara txertatzea du abiapuntu. Horretarako Euskararen Foru Zerbitzuak “Giro Onean” kanpainaren bitartez doan eskura jarriko ditu zenbait baliabide.Alde batetik, itzulpen zerbitzua eskainiko da bezeroei zuzendutako mezuak (kartak, tarifak, kartelak...) euskaraz ere jarri ahal izateko.Bestetik, “gaur nahi baduzu euskaraz” mezuarekin pegatinak eta kartelak zein “nahi baduzu euskaraz” pinak eskainiko dira. Azken hauekin langile eta bezero euskaldunen arteko harremana hasiera batetik euskaraz izatea bilatzen da. Honetaz aparte, ostalari partaideak euskara ikasteko diru-laguntzaz, baita etengabeko aholkularitza zerbitzuaz ere,baliatu ahal izango dira.
Material edo zerbitzua eskatzeko eta zalantzak argitzeko ostalaritza@artez.net helbidera idatzi edo 656797805 telefono zenbakira dei daiteke.