Duela sei urte gure eskualdeko zenbait herritan Berbalagun programa martxan jarri zen. Geroztik egitasmoa hazten eta zabaltzen joan da. Martxotik aurrera beste hiru herritan jarriko da martxan: Arrankudiagan, Arakaldon eta Zeberion.
Ikasitakoa praktikan jartzea beharrezkoa dela ardatz hartuta, egitasmoak euskara ikasi eta praktikatu nahi duen jendea euskaraz dakiten beste pertsonekin elkartzen ditu asteroko hitzordu batean. Antzeko zaletasunak eta interesak dituzten pertsonekin talde txikiak osatuko dira partaideek aukeratutako egun, ordu eta lekuan. Asteroko hitzordu hori bestelako ekintzez osatzeko aukera egongo da: ikastaroak, txangoak, emanaldiak eta abar. Taldeek euskaraz ondo egiten duen lagun baten laguntza izango dute beti.Zerbitzua doakoa da eta baldintza bakarra oinarrizko euskara maila izatea da.
Izen ematea hurrengo lekuetan egin daiteke martxoaren 11tik apirilaren 7ra bitartean: Arakaldo eta Zeberion Udaletxean eta Arrankudiagan Udaletxean zein Gizarte Etxean. Proiektua AEK-k kudeatzen du. Udalek bere gain hartuko dituzte eratorritako gastu guztiak, Euskara Arloaren bitartez.Informazio gehiagorako hurrengo telefono zenbakira dei daiteke 607673744, edo aiaraldea@aek.org posta helbidera idatzi.