Lau urte daramatza Laudio Udaleko Berdintasun sailak “Berdintasunean hezitzen” ekimenaren bitartez herriko eskoletan heziketa ez sexista lantzen. Programa bost urteko umeei bideratuta dago.
Heziketa honen xedea jolas, tailer, antzerki eta ipuin kontaketen bidez, generoa oztopo izan gabe, pertsonalitatearen garapena indartu, sexismo kulturala zuzendu eta txikitatik suerta daitezkeen ezberdintasunak ekiditzea litzateke, hain zuzen ere.
Programak, guraso zein hezitzaileen parte hartzea aldarrikatzen du. Alegia, berdintasunean hezitzea familiatik hasita. Lan hau errazteko asmoz, gurasoei eta hezitzaileei zuzenduta dagoen jostailuen eta ipuinen aukeraketan lagungarria den gida bat argitaratu du Udaleko Berdintasun sailak. Umeen garapen osoa ahalbideratuko duena, jostailuak eta ipuinak adinaren eta gaitasunaren arabera sailkatuz, eta ez sexuaren arabera. Gidak eskaintzen duen ipuin ez sexisten bibliografiak berdintasunean oinarritutako irakurketa sustatzen duen bitartean, kutsu sexista txertaturik duten ipuin tradizionalak baztertzen ditu.