Duela astebete inguru Laudioko Udalak Euskararen Ibilbidea kanpaina aurkeztu zuen. Kanpainak hiru fase biltzen ditu, hala nola; euskara ikasi, euskara landu eta euskara bizi.
Irailaren 27rako bigarren eta hirugarren faseetan oinarrituta dagoen ekintza antolatuta dago EEEren (Energiaren Euskal Erakundea) eskutik. Modu honetan, ikastaro bat eskainiko da hirian bizikletaz ibiltzeko teknikak erakusteko asmoz. Gainera, aste horretan zehar Laudiok Mugikortasun Astea ospatuko du “Hartu parte zure hiriko mugikortasun-planetan: ibili norabide egokian!” goiburupean. Ospakizuna dela eta beste hainbat ekintza antolatuta daude: kiwizibidaia ikus-entzunezkoaren emanaldia (irailak 20) edo Mugikortasun Iraunkorraren Aldeko ibilbidea (irailak 23), esate baterako.
Arestian aipatutako ikastaroan hirian modu seguru eta erosoagoan ibiltzea ahalbidetzen duten aholku, gomendio eta jarraibideak emango dira.Ikastaroa Lamuza Parkeko Etxe Nagusian, doakoa, euskaraz eta 2 orduko iraupenekoa izango da (arratsaldeko 18:00etatik 20.00etara), lehenengo ordua teorikoa, bigarrena, aldiz, praktikoa. Arrazoi hau dela medio, ikasle bakoitzak bere bizikleta eraman beharko du. Parte hartzaileei begira, 14 urtetik gorakoek parte har dezakete bakarrik eta aldez aurretiko izen ematea derrigorrezkoa da. Izena eman nahi duenak, irailaren 20a baino lehenago egin behar du hurrengo telefono zenbakira deituz; 944034868