Laudioko Udalak Apaloetako (Latiorro auzoa) babes ofizialeko hiru etxebizitza Apdema elkarteari alokairurako utziko dizkio. Izan ere, gabezi intelektualak pairatzen dituzten pertsonen alde lan egiten duen elkarte arabarrak etxebizitza hauen beharra azaldu du behin eta berriro.
Gobernu-taldeak zein gainontzeko alderdi politikoek erabakia hartu zuten iragan den abuztuaren 10ean. Urkixo alkatearen hitzak jarraituz, "ez dago inolako asmorik etxebizitza hauetatik irabazi ekonomikoak ateratzeko, hala ere, gutxieneko alokairua kobratzea adostu da Apdemak Eusko Jaurlaritzarekin arazoak izan ez ditzan". Hau dela eta, Apdemak 600 euro ordaindu beharko ditu guztira hiru etxebizitzak alokatzeagatik, hots, 200 euroko prezioa etxebizitza bakoitza alokatzeagatik.
Elkarteak erabiliko dituen pisuak hogeita bederatzi etxebizitzetako bloke batean daude kokatuta eta hauetaz baliatuko da bost urtez, behin epe hau igarota, udalak luzapen bat onartzea aztertuko du.