Laudioko Udalak gaur egun ZUIN bezala ezagutzen den aldizkaria berrituko du hemendik gutxira. Arduradunen esanetan apustu berria edukiak zein udalerriko ekimenak modu eraginkorragoan zabaltze aldera bideratuta dago.
ZUIN aldizkaria bi aletan banatzen hasiko da. Lehenengoa, ZU-in (Informazio Agenda) eta bigarrena, ZU-in (Zure Udala) izenez ezagutaraziko direnak. Lehenengoak, orain arte egin den legez, hamabost egunez behingo argitalpena izango du. Aldizkariak ZUIN zaharraren ezaugarriak mantenduko ditu nolabait. Hala eta guztiz ere, aldaketa tekniko batzuk txertatuko dira ale berrietan: kolorea erantsiko da eta eduki elebidunak bateratuko dira, besteak beste. Aldaketek aldizkaria argiagoa eta erakargarriagoa izatea dute helburu.
Berritasun nabariena baina, bi hilez behingo aldizkariaren eskutik etorriko da. Aldizkariak udalerriaren inguruko informazio zabala eta garatua eskainiko baitu (aurrekontuak, zabor bilketa, udal ondarea, auzo asanbladak, eta abar…). Arduradunen arabera bi hilerik behin kaleratuko den aleak hiritarren dirua nola eta zertan inbertitzen den ulertaraztea bilatzen du.
Esan bezala, bigarren aldizkari honek ZU-in (Zure Udala) izena izango du eta aldizkari konbentzional baten formatua hartuko du. Batetik, zenbait atal labur izango ditu, eta bestetik, zenbaki ezberdinetan tartekatuko diren hiru bloke nagusi. Hala nola, elkarrizketa, erreportaia eta talde polítiko guztien, herriko erakundeen, zein laudioarren parte hartzea izango duen eztabaida artikulua.
ZU-in (Zure Udala) martxan jartzeko esleipenaren irabazlea Laudioko CRYN enpresa izan da, orain arte ZUIN argitaratzearen ardura zuena.