ESNETIK KOOP.ELIK. esnekiak eskoizteko eta kontsumitzeko irabazi asmorik gabeko kooperatiba mistoa da, EHNE-Bizkaiaren eskutik sortua izan dena. Elikadura burujabetzaren printzipioetan oinarrituz kooperatibaren helburua elikagai osasuntsuak ekoiztea da, kalitatezkoak eta natura errespetatuz.Txetxu Nuñez (Zolloko baserritarra eta artzaina aurrejubilatua) EHNE sindikatuaren kidea da eta ESNETIK kooperatibaren sorreran parte hartu du. Aiaraldean berarekin egoteko aukera izan dugu eta proiektuaren berri eman digu.
1- Elikadura burujabetza eraikitzeko proposamen bat da ESNETIK KOOP. .ELIK. proiektua. Nola eta zergatik jaio izan da egitasmo berritzaile hau gure eskualdean?
Kooperatibaren jaiotza ulertu ahal izateko gaur egun zer gertatzen ari den aztertu beharra dago: Esne ekoizpena desagertzeko zorian dago Euskal Herrian. Esne industriak inposaturiko prezio bajuak, industriek eurek inposatutako ekoizpen eredu garesti eta sostengaezinak, eta lurrarekin zein beste errekurtso batzuekin egiten den espekulazioak eragin dute egoera hau. Egoera honetan, ez dira bakarrik ehunka lanpostu galtzen, gure nekazaritza kulturaren aberastasuna eta ohituren jarraipena bera arriskuan dago.
Testuinguru latz honetan esnekiak ekoizteko eta kontsumitzeko irabazi asmorik gabeko kooperatiba sortu dugu, EHNE-Bizkaiaren laguntzaz eta elikadura burujabetzaren printzipioetan oinarrituta.
Esan bezala, kooperatiba gure eskualdeko artzainek zeukaten behar zehatz bati erantzuteko asmoz jaio izan da. Bestetik, eskualdean existitzen diren eraldaketa industria txikiek ESNETIK-ekin akordioetara heltzeko prestutasuna ageri izana garrantzitsua izan da Kooperatiba erditu ahal izateko.
2-Proiektuak zein helburu jarraitzen du?
Gure helburua, baserrietako lana duin bihurtuz eta natura errespetatuz, kalitatezkoak, osasungarriak eta eskuragarriak diren elikagaiekin, etikaren bitartez bideratutako ekintza bat sortzea da, era berean, Euskal Herriko nekazal eta baserri ohiturak eta kultura sustatuz.Horretarako, gardentasunez eta gure bazkideen partehartze aktiboa indartuz, pertsona ekoizle eta kontsumitzaileekin harreman zuzena, tokian-tokikoa eta elkarbanakako konfidantzan oinarritua ezarri nahi dugu.ESNETIK kooperatibaren aurkezpen txostenean adierazi genuen bezala, hauek liratezke egitasmoak jarraitzen dituen helburu oinarrizkoenak :
1. Ekoiztu beharreko produktuak zehaztu, bazkide kontsumitzaileen gustuen eta beharren arabera.
2. Transgenikorik gabeko esnearen ekoizpena ziurtatu eta pausuak ematen hasi ekoizpena eredu agroekologikora bideratzeko.
3. Elikadura Burujabetzarantz eginiko eboluzioa neurtuko duen sistema sortu eta martxan ipini, ekoizpenetik hasi eta edozein pertsona interesatuk egin dezaken kontsumora arte.
4. Komertzializazio sarea garatu, ahalik eta zuzenena eta lokalena.
5. Kudeaketa eta erabakiak hartzeko eredu garden eta parte hartzailea finkatu.
3-Existitzen al da Euskal Herrian ESNETIK bezalako ezaugarriak duen bestelako egitasmorik?
Orain arte ez dugu ESNETIK bezalako beste proiektuen berri izan. ESNETIK proiektu zabala da, ibilbide kooperatibo baten hasiera, alegia. Gure lanak hiru ezaugarri nagusi ditu: konfidantza, etika eta gardentasuna. Lehiakortasunean baino, konfidantza, gardentasuna, eraginkortasuna, lokalaren defentsa, getutasuna, lanaren banaketa, naturaren errespetua eta kalitate printzipioetan oninarritu gara hasiera hasieratik.
4-Ekoizteko eta kontsumitzeko kooperatiba mixtoa da ESNETIK.Zer esan nahi du honek?
Gure ustez, beste elikadura eredu bat eraikitzeko beharrezkoa da kolektibo ezberdinak bilduko dituen aliantzak sortzea. Erlazio zuzen eta solidarioak finkatu behar dira hiria eta landaguneen artean. Alegia, ekoizleek. Kalitate handiko esnekiak eskainiko dituzte, eredu agroekologikoan ekoiztuz eta transgenikorik gabeko pentsua erabiltzeko konpromisoa aurretik hartuta.
Kontsumitzaileek, berriz, Kooperatibak ekoiztutako esnekiak maiztasunez eskuratu ahal izango dituzte aurretik adostutako guneetan. Ekoiztu beharreko elikagaien aukeraketan parte hartuko dute eta baita banaketa zuzenerako sare baten garapenean ere.
Labur esanda, Kooperatibak kontsumitzaileen partehartzea sustatu nahi du, partehartzeak aurrerapausu nabarmena suposatzen baitu guretzat. Beraz, Kontsumitzaileek, baserritarrekin batera, erabakitze gaitasuna izango lukete, kooperatibaren etorkizunean alde biek zer esan daukatelako.
Egiturari dagokionez, Kontseilu bat egongo da, Kontseilu Errektorea izendatu bitartean. 5 kide izango ditu Kontseilu Errektore honek, 2 ekoizleen kolektibotik, 2 kontsumo kolektibotik eta 1 erakunde kolaboratzaileetatik
5-Duela gutxi bazkidetza kanpaina abiatu zenuten, zein da orain arteko balorazioa? Nolako erantzuna joso duzue Aiaraldeko herrietatik?
Orain dela gutxi jarri zen martxan bazkidetza kanpaina eta orain arteko balorazioa positiboa da. Hasiera batean eta epe laburrera begira, 1000euroko 100 aportazioetara heltzea finkatu genuen helburutzat. Zorionez esan dezakegu helburua praktikoki bete egin dela eta zentzu horretan egitasmoak izandako harrerarekin oso pozik gaude. Baina erronka hor dirau, ahalik eta jende gehienengana hurbilduko gara proiektua ezagutarazteko. Hau dela eta aurki Aiaraldeko eta Arratiako zenbait herrietara joko dugu,Laudiora, besteak beste. Gure proiektuaren nondik norakoak modu sakonean azalduko ditugu eta herri bakoitzean lan talde bat sortzea gustatuko litzaiguke.
6-Zergatik parte hartu proiektuan?
Hasierako helburuak garatu eta eredu alternatibo honi jarraipena emateko finantziazioa ezinbestekoa da, baina baita pertsonen eta erakunde konprometituen parte hartzea. Horietako bakoitzak ESNETIKen izango duen partaidetza harturiko konpromisoaren araberakoa izango da. Partaidetza malgua izango da eginiko gomendio eta aportazioen arabera, parte hartzen duen oinarri sozialak izan behar baitu, gure ustez, aktibitateari forma emango diona.
Kapital aportazio bakoitzak asanbladan botu bat izateko eskubidea emango du eta osorik edo zatika entregatu ahal izango da. Pertsona kontsumitzaileen aportazioaren kasuan, banakakoak edo taldekakoak izateko aukera egongo da. 1.000€ pertsona edo talde kontsumitzaile bakoitzeko, 1.000€ erakunde kolaboratzaileentzat, eta 4.000€ baserri bakoitzarentzat. Kolektibo bakoitzak kooperatiban izango duen erabakia orekatua izango da, bere botuen arabera.
Proiektuan parte hartzeko bakoitzak bere arrazoiak izan ditzake, baina guk hurrengoak azpimarratuko genituzke:
-Nekazaritza enplegua sortu nahi dugulako, kalitatezkoa eta egonkorra.
-Bizkaiko esne ekoizleek euren lanagatik ordain proportzionatua jasotzea eta euren bizi kalitatea hobetzea posible egiten dugulako.
-Aktibitatera gazte gehiago biltzeko oinarriak finkatzen ditugulako, horrela belaunaldien arteko jarraipena bultzatuz.
-Natura errespetatzen duen ekoizpen iraunkorra bultzatzen dugulako.
-Nekazaritza kultura eta euskal nekazaritza ohiturak mantentzearen alde ari garelako.
-Ekoizle eta kontsumitzaileen artean erlazio zuzenak eta solidarioak bultzatzen ditugulako, jaten dugun horri konfidantza emanez.
-Kondizio bidegabeetan eta distantzia luzeetan oinarritutako kontsumoaren inpaktu negatiboak gutxitzen ditugulako.
-Produktu osasuntsuak, transgnikorik gabeak, nutritiboak eta kulturalki egokiak kontsumitzeko eskubidea dugulako.
-Prezio justu eta eskuragarria ordaindu dezakegulako modu sostengarrian ekoiztutako kalitate handiko produktuengatik (bazkideek %30 merkeago eskuratu ditzateke produktuak).
-Eraiki nahi dugun nekazaritza ereduaren oinarria logika izatea nahi dugulako.