Basalarrina Elkarteak hasi berri den hilabete honetarako hainbat saio aurreikusita dauzka. Horien artean, Irati Anda (Gasteiz, 1982) eskalatzailearen hitzaldia. Eskalatzaile gasteiztarra Laudion izango da “Hamarkada bat harkaitzen artean” hitzaldia eskaintzen. Iratik berak emango du hitzaldia eta bere kirol bizitzaren joan-etorrien laburpen txikia, hitzez, irudiz eta musikaz lagunduta aurkeztuko du.
Irati bere bizitzaren erdia baino gehiago darama eskalatzen, oso gazte zela, 10 urterekin, hain zuzen, bere ikastolako mendi taldean izena eman zuen, baina urte batzuk igarota eskaladara pasatzea erabaki zuen. Orduztik hona eskaladan garaipen handiak lortu ditu, besteak beste, Euskadiko eta Espainiako Zailtasun Eskalada Txapelketak. Bidaia horretan esperientzia ugari bizi izan ditu eta hauen inguruan mintzatuko da maiatzaren 24an, arratsaldeko 19,30etan, Basalarrina Elkarteak Laudion duen lokalean.
Hitzaldia doan izango da eta interesa duen edozeinentzat egongo da zabalik atea.