Aurreko urteetan egin duen legez, Laudioko Udalak, Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, emakumeentzako autodefentsa ikastaroa antolatu du.
Ikastaroa Laudioko Granja kiroldegian burutuko da, martxoaren 17an hasiera emango zaiolarik eta 18ra arte iraungo du. Beraz, autodefentsa ikastaroak asteburuko iraupena izango du. Ordutegiari dagokionez, larunbatean 10:00etatik 14:00etara eta 15.00etatik 19:00etara arte luzatuko da, igandeko saioa, berriz, goizez bakarrik izango da, 10:00etatik 14:00etara.
Ikastaroa debalde izango da eta izen emateko interesa duten emakumeek udaletxeak luzatu duen hurrengo telefono zenbakira deitu beharko lukete; 944034850. Ikastaroak plaza kopuru mugatua izango du, hau dela eta ahalik eta azkarren egitea komeni da.
Batetik, ikastaroan autoestima, konfidantza eta bakoitzak bere buruarekiko duen segurtasuna bezalako gaiei helduko zaie. Bestetik, erasoen aurrean emakumeen arteko elkartasuna ere landuko da. Gainera, ikastaroak berritasun bat dakar berarekin batera, alegia, sexu-erasoetan defendatzeko teknikak ikasteko abagunea eskainiko du parte hartuko duten emakume guztiei.