Urtero legez, Oihala Zabaltzen antzerki talde laudioarrak prest du lan berria. Laudioko antzerki taldeak jaio zenetik, era, kolore eta forma askotariko antzezlan ugari antzeztu ditu, oraingoarekin 53 direlarik.
Oihala Zabaltzen-ek bere ibilbide luzean, era guztietako lanak antzeztu ditu, eurek sortutakoak, pelikuletako bertsioak edo bestelakoak.
Oraingo honetan pelíkula baten bertsioa izan dute irizpide. Luca Miniero zuzendari italiarrak zuzendutako komedia oinarritzat hartu baitute, “Benvenuto al Sud” filma, hain zuzen ere. Era berean, bertsio italiarrak,“Bienvenue chez les Ch’tis” filma frantsezean dauka berezko jatorria.
Bertsio italiarrak Anconan bizi den postari baten komeriak kontatzen ditu. Postariak, bere emazteak bultzatuta, Milanen lanpostua lortu nahi du, Milanen bizitzeak prestigio handiko bizimodua eramatea suposatzen baitu. Helburu hori lortzeko protagonista hamaika trikimailuz baliatuko da, baina den-dena alferrikakoa izango da. Jakina, gauzak ez dira espero moduan ateratzen eta pizgarriz beteta zegoen egitasmoa egun batetik bestera beltz bilakatzen da, hegoaldeko herrixka batean bukatzen duelarik.
Umorez beterikoko antzezlanaz gozatzeko abagune paregabea izango dugu urtarrilaren 8an, igandean, arratsaldeko 19etan Laudioko Lanbide Heziketako Udal Ikastetxeko zinema aretoan.