Galtzagorri Kultur Taldeak 25 urte betetzen ditu aurten eta hau ospatzeko Galtzagorriko kideeek jaialdi herrikoia antolatu dute. Antolatzaileen artean dagoen Aitor San Jose laudioarrarekin egoteko aukera izan dugu eta Galtzagorriren ibilbideaz eta azaroaren bosterako prestatuta dagoen ospakizunaz mintzatu zaigu.
-Zelan eman zen Galtzagorriren sorkuntza?
Garai horietan, duela 25 urte, koadrilako lagunak Laudioko hainbat koadriletan sakabanaturik geunden; besteak beste, Zoroak eta Haziak izeneko koadriletan. 1986. urteko jaiak amaitzean gure talde propio sortzea pentsatu genuen; baina ez Laudioko Jaiei begiratuz soilik, baizik eta urtean zehar hainbat jarduera kulturaletan parte hartzeko asmoz. Horrelaxe, Talde Kulturala bat sortzeko ideia burutik pasatu zitzaigun eta GALTZAGORRI KULTURA TALDEA jaio zen.
Bestalde, ideia hau beste ezagun batzuekin partekatu nahi izan genuen, ahalik eta sentsibilitate eta pentsakera ezberdin gehien batu ahal izateko. Helburu nagusia urtean zehar euskal kulturaren alde lan egingo zukeen talde bat sortzea izan zen hasiera-hasieratik. Eta horrelaxe, proposamen hau ezagutzen genituen beste lagun batzuei helarazi genien. Hasieran, 25 lagunen batek ilusioz beteriko proiektu hau abian jarri genuen.
Gaur egun, ehun lagunen batek osatzen dugu Galtzagorri, eta bere bizitzan zehar 400 pertsona inguru proiektu honek bizirik jarraitzea ahalbidetu dutenak
-Zein ekintza azpimarratuko zenuke Galtzagorriren ibilbidean?
Arestian aipatu dudanez, hasierako xedea Euskal kultura bultzatzea izan zen, eta lehendabiziko ekitaldirik aipagarriena Letziagako Sorginaren jaitsiera izan zen. Galtzagorri sortu zenetik hilabete eskasen buruan, Laudio Udalak 1987. urteko Ihauteriak antolatzea eta berpizteko proposamena egin zigun.
Gure lehendabiziko ihauteri horiek ahaztuezinak izango dira. Geroago askozez arrakastsuagoak, jendetsuagoak ... bizi izan ditugu; baina 1987. urteko ihauteriek Galtzagorri K.T.-ren ibilbidea markatu zuten. Urte horren aurrekontua 25.000 ptz-koa izan zen: 20.000 ptz gaur egun “bizirik” irauten duen Letziagako Sorgina egiteko, eta gainontzekoa kalejira antolatzeko. Hona helduta, ezin ahaztu diru apur horrekin Sorginaren pertsonaiari bizitza eman zioten lagun bi: César Fonbellida eta Fontxo Isasi.
Duda barik, Galtzagorrik burutu izan duen ekintzarik aipagarriena Ihauterien antolaketa izan da. Hamaika urteetan zehar (1987tik 97ra arte), jaiak bukatu bezain laister hurrengo Ihauteriak prestatzen hasten ginen; lan handia zegoen aurretik. Diru aldetik ere, nahiko eskas genbiltzan: Udalak aurrekontu osoaren erdia besterik ez zuen jartzen; gainontzekoa guk bildu behar genuen, dendetan, tabernetan, etabarretan diru-laguntza eskatuz. Eurei esker ere Ihauteriak aurrera atera ziren.
Ihauteriak egundoko ospakizun bilakatu ziren. Parte hartzen zuten talde asko hilabete batzuk lehenago mozorroak prestatzen hasten ziren: auzokideak, lagunak, eskoletako ikasleak... Ihauteriek lortu zuten dimentsioaz ideia bat egiteko, hainbat ekitalditan 4.000 lagunek parte hartu izan zuten kalejiran.
Baina denbora aurrera joan ahala, gero eta zailago egiten zitzaigun antolaketarekin jarraitzea: kideon erantzunkizunak ezberdinak izaten hasi ziren. Azkenean, eta pena handiz, Ihauteriak antolatzeari utzi behar izan genion.
Dena dela, Ihauteriak ezezik, ezin ahaztu eratu genuen Animazio taldeaz. Hasiera batean, hankaluzeek eta hiru txotxongilo erraldoiek osatzen zuten. Baina, 1990. urtean Laudioko Herriak zituen buruhandiak eta erraldoiak, zorigaiztoko sute baten ondorioz, erre egin ziren. Hau ikusita, Udalari buruhandiak guk erosteko eta ateratzeko proposamena helarazi genion eta gure diru-ekarpenekin (garai horietan ia gehienok ikasleak ginen) kartoizko buruhandi batzuk erosi genituen. Horrelaxe 1994. urtera arte egon ginen. Urte horretan, betiko buruhandiak berreskuratzeko asmoa Udalari jakinarazi genion. Aintzineko dokumentazioan oinarrituz, erre egin ziren buruhandiak atontzeaz eta konpontzeaz urteetan zehar arduratu zen Navarro jaunari galdetuz, jatorrizko buruhandien itxura, arropak .. argazkiak aztertuz, gaur egun ezagutzen ditugun buruhandiak berreskuratzeari ekin genion. Hona helduta, ezin ahaztu bost buruhandi horiek egin zituzten lagun bi: Susana Corbella eta Eli. Beraz, 23 urte daramazkigu umeei maitasun-gorrotozko uneak pasarazten.
Hain deigariak izan ez diren baina, era berean, aipagarriak diren beste ekitalde batzuk ere antolatu izan ditugu. Esatebaterako: “pasacalles del barril” delakoa, “jaia tropikalak”, Laudioko auzoetan buruhandiak atera, “Nafarroa oinez eta Araba euskaraz” jaietan txotxongiloak atera , etabar luze bat.
-Etorkizunari begira, zer?
Zaila da esatea noiz arte jarraituko dugun. Galtzagorrik izan duen zorterik handiena adin ezberdinetako jendea urtero sartu egin dela, eta nagusiak “erretzen” joan izan garen bitartean gazteago batzuk prest agertu direla lema eramateko. Bestalde, ez da sekulan lagunen kuadrila bakarrik izan, baizik eta jatorri desberdineko lagunak batu dituen talde bat. Ugariak dira urtez urte desagertzen diren jaietako koadrilak, eraberritzen ez direlako.
Hori izan da 25 urte eta gero bizirik irauten jarraitzeko arrazoia. Oraindik, duela 25 urte proiektu hauxe abian jarri genituen artean 6 lagun gelditzen gara. Jakina, gure ekarpena nahiko eskasa da: beste erantzunkizun ezberdin batzuk ditugu jadanik.Nire ustez, neska-mutil gazteak sartzen jarraitzen duten bitartean honek aurrera segituko du. Gaur egun “itsasontsia” aurrera daramatenak oso lan ona egiten ari dira, baina gutxi barru, eurak ere nekatuko dira eta lema beste batzuek hartu beharko dute. Horrelaxe gertatu da betidanik.
-Jaialdirako antolatutako ekintzen artean zein azpimarratuko zenuke?
Ba, niretzako, argazki ofizial eta bazkariaren unea. Hor, garai ezberdinetan Galtzagorriren kideak izan garen lagunak elkartzen garenean.
-Azaroaren bosterako zer espero duzue?
Lehendabizi, egun horretan parte hartuko dugunok oso ongi pasatzea. Beste koadrilen aldetik kiderik etortzea ere gustatuko litzaiguke. Era berean, herrian gure presentzia igarriko da eta ekitaldian parte hartu nahi duen orori gonbidapena luzatzen diogu .