Aurten Galtzagorri Kultur Taldeak 25 urte bete ditu eta urteurrena behar den moduan ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu azaroaren bosterako, larunbata. Galtzagorrik Laudioko koadrila guztiei, ofizialei zein ez ofizialei, luzatu die gonbidapena, jai herrikoia guztien artean ospa dezaten.
Galtzagorriko kideak koadrilaz jantziko dira ospakizunerako eta hala egitea eskatu diote animatzen den koadrila orori. Hau da, koadrila bakoitzak bere jantzi propioa eramango du.Ospakizunari hasiera emateko eguerdiko 12:00etan koadrila guztiak elkartuko dira txupina botatzeko, jarraian buruhandiak eta txotxongiloak aterako dira kaleetako giroa alaitzeko asmoz, hau guztia musikaz lagunduta, izan ere, Fit ta Fik-en musikariek parte hartuko baitute kalejiran. 14:30ean bazkari herrikoia izango da elizako arkupeetan. Antolatzaileek 200 lagun inguru biltzea espero dute. Dagoeneko bazkarirako tiketak salgai daude Keska, Indriska eta Gorka tabernetan, 5 euroren truke.
Galtzagorri Kultur Taldeak zilarrezko urteurrenera heldu izateagatik zapiak egin ditu jaialdirako, ahalik eta jende gehienari banatzeko. Beraz, Galtzagorrik bazkari herrikoira doan lagun bakoitzari horrelako zapia oparituko dio, bazkarian bertan banatuko dituzte, eta baita eurekin ospakizun honetan parte hartzen duen edonori (horiek amaitu arte behintzat).
Bazkaldu ostean, 16:00ak aldera, jokoen txanda helduko da. Galtzagorriko kideek, hainbat joko antolatu eta garaileentzat hainbat sari prestatu dituzte. Arratsaldeko 18:00etan kalejirari ekingo zaio, txaranga baten laguntzaz. Jarraian eta jaiari bukaera emateko, poteoa egongo da herriko tabernetatik. Azkenengo ekintza hau norberak nahi duen arte luzatuko da .
Egun ona pasa eta zorionak Galtzagorri!