Hilaren hasieran EAJko udal taldeak eskainitako prentsaurrekoan Bildu koalizioko gobernu taldeari elkarlanean aritzeko zortzi puntu eskaini zizkion. Bilduk elkarlan-proposamena "garrantzitsua" dela esanez erantzun dio proposamenari. Aldiz, Bilduk EAJren jarreraren aldaketa "hedabideen bitartez eta ez eztabaidarako egokiago litzatekeen bestelako marko batetik heldu izana" deitoratu du.
Elkarlanaren bidez, Bilduk agintaldian zehar EAJk gobernu lanarekiko eragin duen blokeo politika aldatzea espero du. Izan ere, Alderdi Jeltzalearen ezezkoagatik Batzordeak konpetentziarik ez du eta Bilduren ustetan honek “udal lanaren eraginkortasunean” sakonki eragiten du.
Bilduko gobernu taldeak adierazitakoaren arabera, erronka handiei aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekoen bilaketa eta diseinua herritar eta alderdi guztiekin partekatu behar da. Hortaz, ontzat jo dute EAJren prestutasuna: “Proposamena geure udal programan oinarritutakoekin, beste alderdi batzuenekin zein elkarte eta herritarrengandik jaso ditugunekin batera jarriko dugu”.
Gobernu taldeak zenbait gaitan ezinbestekotzat jo du nolabaiteko adostasunera heltzea. Hori dela-eta, aurrerapauso kualitatiboak zelan eman ahalik eta gehien adostu behar dela adierazi dute. Aurreratu dutenez, alderdi, elkarte eta herritarrekin parte hartzea eta komunikazioa, hirigintza planeamendu estrategikoa, kultura azpiegiturak, aurrekontua eta lehentasun ekonomikoak eta enplegua hobetzen saiatuko dira.