Berehala 2024ari agur esango diogu eta urte honek Udalean utzitakoak kezkatzen gaitu. 2024an ere, legegintzaldi hasieratik EAJk eta PSEk osatzen duten gehiengoa EH Bilduren hitza zokoratzen saiatu da. EH Bilduk bitartean zorroztasunez jarraitu du lanean, gobernuaren kontrol politika egiten eta proposamen zehatzak aurkezten. Udalak planteatutako inbertsioen bideragarritasun eza helarazi diogu gobernu-taldeari. Ez gara nekatuko esaten ez dagoela dirurik saldutako proiektu guztietarako. Izan ere, Landako auzoaren urbanizaziorako 716.000 euroko dirulaguntzari uko egin behar izan dio Udalak, esaterako.
Otsailean Arrastariako adinekoek Urduñako egoitza erabiltzeko eskubidea bermatzeko mozioa aurkeztu genuen. Ekainean eskatu genuen txabolak eta estalpeak eraikitzeko ordenantza errealitate izatea. Irailean proposamen sorta bat aurkeztu genuen tasa eta zergen ordenantza fiskalen negoziazioan, eta honetan ere, Udalak ezetz.
Datozen egunotan 2025eko aurrekontuen eztabaidari ekingo diogu, eta aukera berri bat zabaltzen da Amurrioko hiru alderdi politikoen arteko adostasunak lortzeko. Horretarako, gazteriak pairatzen duen egoera latza ardatz hartuta, etxebizitza eta osasun mentalarekin lotutako proposamenak ditugu, baita Batzar Administratibo, kirol eta kultura, trantsizio energetiko eta berdintasun arloetan oinarritutako planteamenduak ere.
Amurrioko bizilagunen bizi-kalitatea bermatuko duten akordioak erdiestera gonbidatzen dugu gobernu-taldea. Amurriok merezi du.