Kirol zita garrantzitsua egongo da gaurtik -ekainak 22- igandera Urduñako pitch & putt zelaian. Europako Taldekako VIII. Pitch & Putt Txapelketa jokatuko da bertan. Lau urtean behin egiten da norgehiagoka hori. Aurrekoa Andorran izan zen, eta Urduñari egokitu zaio orain goi-mailako kirol zita hori hartzea.
Zortzi herrialdetako taldeak batuko dira hirian: Euskal Herrikoak, Kataluniakoak, Galiziakoak, Suitzakoak, Frantziakoak, Norbegiakoak, Irlandakoak eta Britainia Handikoak. “Talde bakoitzak sei jokalari izango ditu”, azaldu dute Urduñako Pitch & Putt Klubeko kideek. Ostiralean eta larunbatean goizez zein arratsaldez egingo dituzte partiduak, eta igande goizean amaituko da txapelketa.
Antolatzaileek nabarmendu dute sarrera doakoa izango dela. “Ahalik eta jende gehien bertaratzea gustatuko litzaiguke, kirol hau ezagutzera emateko”, adierazi dute.