Familiariei “sorgin” deitzen zaie baina "sorginon indarrak" ere direla diote Orozkon, haien jabeak sorginak direlakoan. Indartsu eta trebe ziren jendeez esaten zen prakagorriak zeuzkatela.
Itzina gainean den Itzingotiko artzain batek ei zeuzkan: ikaragarri zalua zen, basa behiak nahi bezala harrapatzen zituen mendian. Sanantolin batzuetan, zezen plazara sartzeko ateak itxita zirenean, karrera hartu eta hesiaren gainetik salto egin zuen barrura. Gero, zahar eta ezindua zenean, gazteek esaten zioten: “Zuk lehen parte-txarrekoak ez zeunkazan?". Eta hark, haserre eginda: “Orain behar ñeukezan nik parte-txarrekoak, ez lehen! Lehen berez ñeukezan nik!”.
Ospetsuak dira Orozkon Axpuruko abade familiarduna eta haren “kriada”. Behin, Ochomayo-ko zezenetara joan ziren hodei baten gainean prakagorrien indarraz. Gero, neskameak familiarien kutxa topatu eta zabaldu zuen: brau atera zitzaizkion euliak eta lan eske hasi zitzaizkion, baina ipintzen zien guztia berehala bukatzen zuten; eta berriz ere hegaz inguruka eta ausikika, behar gehiago gura zutela. Nafarrondoko errekatik Axpurura ura altzetako bahe batean agindu zien; familiariek buztinez eta bekorotzez behea zerratu eta hartan ura ekarri: eta urez gainezka Axpuru... abadea heldu eta euliak beren ontzira batu arte.
Oso aipatua da Nafarroan Joanes Bargotakoa, Axpurukoa bezalako apez bat.
Antzeko istorioak badira Zuberoan eta Biarnon. Pirinioetako beste lekuetan ere ezagutzen dira izaki langile eta aberatsarazleak, hala nola Gaskoinian lo Mandagot urre kakigilea (edo lo Mandragot, hau da, mandragora), eta Katalunian els mainarons, “canut” batean gordetzen direnak.