Berriago eta handiago

Erabiltzailearen aurpegia Anuntxi Arana 2019ko mai. 22a, 11:00

Ez da nobedadea, Homo omen sapiens-ak gero eta gehiago ustiatzen duen mundu hau gero eta txikiago zaigu. Lau egun jai eta Eskandinaviaraino!, zergarik gabeko kerosenoari esker. Bestela, toki jator exotikoak aukeratuko ditu euskaldun jatorrak bere oporretarako. Aldizkari honetan, martxoan, “turismoa solidario-jasangarria” aipatu zuen Pello Zubiriak, eta ametsa dela ulertu nuen, lau orriko hirusta. Esakune zelebre batez oroitzekoa: turismogintzaren funtsa dela beren etxean hobekiago leudeken jendeak eramatea haiek gabe hobeki egongo liratekeen lekuetara.

Klimaren bilakaeraz kezkaturik manifestatzen hasi diren gazte batzuek hegazkina ez dutela hartuko aldarrikatu dute. Baina bost axola agintariei gazteen solas lasaiak. Ez bakarrik goi agintariei: hemen, agorrilean Biarritzera ekarriko duten G7ari ongi etorri ematen dio Euskal Herriko Garapen Kontseiluak; bitartean, berdez garbitu eta Klima foro bat antolatu du.

Plastiko zaku batzuk kendu dizkigute, zerbait da. Aldiz, askoz gehiago dira onartzen dituzten debaldeko bilgarriak: libra erdi leka polistireno plateran; sakapunta bat 10 cm blisterrean. Denda ekologiko batzuetan berdin, perfumeria dirudite, apalak pote txikiz beteak, bakoitzean 100 gr konpota, kartoi artistikoz berrestaliak. ATTAC elkarteak dégage l’emballage (utikan bilgarriak!) ekintzak antolatzen zituen antzina, erositakoen bilgarriak supermerkatuko atean lagatzeko; berrikitan Bizi!-k egin du. Eta urteak horrela, eta drama pertsonalak, kapsulez dabilen kafetera oparitzen dizutenean. Gero, barre ere egiten da, entzuten denean urliak, ura alferrik ez xahutzeko, zapitxo umelak erabiltzen dituela etxea txukuntzeko.

Aldizkariak, oso aspaldi ez da, paperezko faja minimalistan bilduta heldu ziren etxera onik eta osorik, denak plastikoan sartu arte. Azken erresistenteak ere, Herria astekariak, amore eman zuen… Zorionez atzera egin du berrikitan! Kazeten itxuraldaketak barruan ere gertatu dira: argazkiak gero eta handiagoak, couché paperean ederrik inprimatuak. Hargatik, ez dute informazio gehiago ekartzen, jadanik saturatuak garenean irudi dotore deigarriez; gainera, holako dirdiran testuak irakurtzeko, hobe dugu eguzki betaurrekoak jantzirik. Eta beti paper gehiago eta ingurumen-inpaktu areago.

Nola atxiki korronteari kontra, atzean geratzeko irudipena izan gabe? Batek daki, Berritu ala hil baita konsigna, berdin zaharra baino txarragoa denean berria. 

Artikulu honen jatorrizko bertsioa Argia.eus atarian plazaratu da eta Creative Commons lzientzia baliatuta ekarri dugu hona.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide