Beren haur denboran kalabaza-maskarak egiten zituztela gogoratzen dira xaharrak eta, haien hitzei jarraituz, Gaba beltza berreskuratu zuten Mutrikun, 1898an.
Hilen eta bizien munduak komunikatuak diren sinestea oso zabaldua da: biziak haraindira joan daitezke eta, batez ere, hilak etengabe etortzen dira honaindira. Zendu berriak noiz nahi itzultzen ahal dira, beharrezkoa duten laguntza eskatzera… edo mendekatzera. Baina horrez gain, denak etor daitezke egun berezi batzuetan, komunzki urte hasiera izandako datetan, eta batik bat Eguberriz, Inauteriz eta Domu santuz. Ongi etorri eta eskaintza zerbait egiten zaie orduan, haiek ere eske ibiltzen direnez gero. Testu inguru horretan kokatzen dira Arimen gauaz ateratzen diren haurrak, “saria” jaso ezean “ziriaz” mehatxatuz. Eskatzeko eskubidea dute hilen ordezkariak direlako, maskarak adierazten duen legez.
Baztanen puska-biltzen ateratzen ziren haurrak, kalabazarik gabe. Aiara aldean, irudiz, ez zuten deus eskatzen, helburua dibertitzea eta beldur ematea zen; kalabaza hustuak buruhezurra irudikatzen baitu, aitak esan zuenez nola egin irakatsi zigunean. Garazin, Basajauna deitzen zioten mamuari: udazkeneko arratsetan bideko pareta baten gainean ezartzen zuten eta atzean ezkutatu, ibiltarien erreakzioez gozatzeko.
Orobat eskerik gabe, arbi argituak erabiltzen dituzte eskolako haurrek San Martin bezperan Dunkerque-en (Frantziako Flandria); eta haien antzera suitzarrek Weinfelden hirian, Eguberri aitzineko astean.
Eta, Halloween-en bezala, eskeari lotua da kuia Leitzan, Olentzerori buru gisa jartzen diotenean.