IRITZIA

Betiereko sua

Erabiltzailearen aurpegia Anuntxi Arana 2023ko mar. 15a, 12:00

Argazkia: Argia.eus

Lehen bioletekin bat, mendiko suak heldu dira tenoreko, beren desmasiek jarraikiak. Eta ondoren protestak, aldizkari honetara bidali ohi ditudanak barne.

Orain dela bi urtekoa ikaragarria izan zen. Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoan hedatu ziren suteak, Larrun menditik Endarlatsaraino. Orotara 2.300 bat hektarea erraustuak, eta gutxi egin zuen, ez baitzen jende zauriturik edo hilik. Aziendak bai, bizirik erre ziren, animalia txikiak bezala. Eta borda, oihan, larre eta alhagiak.

CADE-ek eta ingurumenaren defentsan diharduten beste taldeek ohartarazi zuten dozenaka urte beharko direla segurki nahitara piztu su horiek deuseztatu zuten bizia indarberritzeko, eta onartezinak direla behin eta berriz biodibertsitatea horrela kaltetzen duten su kriminalak; kriminalak baitira zinez, eta ez “baimendu gabeak”, batzuek eufemismoz deitzen dituzten moduan. Nork eginak? Ofizialki ez da jakiten.

Eta hola urtero-urtero, temati, betiere.

Zenbaitek ahotsa goratu zuten, ez dutela pozoi hori onartzen tradizioko ohiduratik badator ere, tradizioak oro ez direlako egokiak

Aurten Iruñeraino iritsi da ke usaina. Gero, antizikloia finkatu eta haizea gelditu zenean, gehiegizko partikula finen metaketak alerta joarazi zuen. Prefetak autoen abiadura murriztarazi zuen, bai eta kanpoan edozein su debekatu ere… 24 orduz. Handik laster artzainei zuzendu zitzaien, otoi, zintzoak izan zitezela, ez zezatela mendia gehiegi erre, edo bederen banan-bana egiteko, ez denok batera.

Bitartean smog-a arnastua zuten jadanik hainbat lekutan –Maulen piloa– eta zenbaitek ahotsa goratu zuten, ez dutela pozoi hori onartzen tradizioko ohiduratik badator ere, tradizioak oro ez direlako egokiak. Bestalde, denok dakigula, batez ere artzain xaharrek, suteek orain hartu duten hedadura ez dela antzina sekula ikusi.

Su aski elkarteak, bospasei urte hauetan borrokatzen baita holako suntsiketa galarazteko, ozenki salatzen ditu arazoan estatuak duen erantzukizuna eta europar finantziazio sistema aldrebesa: Nekazaritza Politika Bateratuak belaien azaleraren arabera banatzen ditu dirulaguntzak, hau da, belar gehiago eta mozkin politago. Ondorioz, arra bete baino gorago hazten den guztia hauts bihur!

Su zaleen argudiaketa: suak beharrezkoak direla mendia garbitzeko, eta otsail honetan piztu direla, aroa gisa hartakoa izanki. Kontua da eskola oporrak direla aldi berean, haurrak kanpoan dabiltza eta sudur guztiek ez dute kedar usaina gustuko. Beraz, azalduko zaie betidanik ditugula sute horiek, arbasoengandik heldu zaizkigula, gure jatorrikoak direla. Eta abar.

Artikulu hau Argia.eus atarian argitaratu da eta Creative Commons lizentzia baliatuta ekarri dugu hona.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide