Arabako Bertsolari Txapelketako finala larunbatean jokatuko da, martxoaren 21ean, Gasteizko Printzipal Antzokian, 17:30ean.
Gaur egin da finalaren aurkezpena Printzipal Antzokian bertan, sei protagonistak bertan direla:
Manex Agirre (Aramaio)
Oihane Perea (Zalduondo)
Zigor Enbeita (Abornikano)
Iñaki Viñaspre (Gasteiz)
Xabi Igoa (Aramaio)
Ruben Sanchez (Gasteiz)
Finalistek nabarmendu dute haien arteko lotura afektiboak eragingo duela saio ona izateko. Txapelketaren formatu aldaketa positiboki eragin duela Arabako bertsogintzan eta bertsozaleek ezin hobeto erantzun dutela txapelketan zehar.
Karmele Madinabeitiak jantziko dio txapela Irabazleari. Arabako Bertsozale Elkarteak Karmelek, urte askotan, egindako lan isila eskertu nahi du. Gasteizen jaio zen 1950ean. Arabako bertsolaritzaren sustatzailea izanda, 1982an Gasteizko lehenengo bertso-eskola sortu zenetik antolatzailea, gai-jartzailea eta epailea izan da. Era berean, Arabako Bertsozale Elkartean parte hartu du lan ezberdinetan, haien artean diruzaina. Madinabeitiak nabarmendu du nola hazi den Arabako bertsolaritza haiek Gasteizko Bertso-eskola sortu zutenetik, orain dela 32 urte. Finala Araban dagoen mailaren ispilua dela.
Beste sari banatzaileak Gasteiz eta Araba mailan euskalduntze prozesuan jarduten duten euskaltegiak eta Gasteizko Mintzalagun taldea izango dira, hauexek: Gasteizko Hegoalde euskaltegia, Gasteizko Udaberria euskaltegia, Araba mailako IKA euskaltegia, Araba mailako AEK euskaltegia eta Gasteizko Mintzalagun egitasmoa. Arabako Bertsozale Elkarteak bistarazi nahi du euskaltegiek eta mintzalagun egitasmoek egiten duten lana Arabako euskalduntze eta normalizazio prozesuan.
Finalerako sarrerak erosteko Printzipal antzokiaren ohiko bideetatik eskuratu behar dira, hauexek: takilean, telefonoz eta antzokiaren web gunean.