Finalistek nabarmendu dute seikotean eman den transmisioa, belaunaldi ezberdinetakoa izanik batzuk besteen irakasleak izan dira, eta final honetan topo egingo dute.
Karla Santistebanek jantziko dio txapela irabazleari. Arabako Bertsozale Elkarteak Karlak, urte askotan, egindako lan isila eskertu nahi du. 1946an jaioa Arabako bertsolaritzaren sustatzailea izan da, 1982an Arabako lehenengo bertso-eskola sortu zuen, Aiaraldekoa. Geroztik antolatzailea, gai-jartzailea eta epailea izan da.
Beste sari banatzaileak Arabako bertso-eskoletako ordezkariak izango dira. Honekin, antolatzaileek begi bistan utzi nahi dute bertso-eskolen sarearen funtzioa bertsogintzan, herrigintzan eta euskalgintzan.
Finalerako sarrerak erosteko Printzipal antzokiaren ohiko bideetatik eskuratu behar dira, hauexek: takilean, telefonoz eta antzokiaren web gunean. Sarrera guztiak numeratuta izango dira.