36 lagun elkartu ginen afaltzera, elkarteari itxura ederra emanez. Iker Elexpuruk eta laguntzaileek prestatutako afari mundialean (horrelako sukaldariarekin kezka gutxi izaten da kantitate eta kalitatean) jandako guakamole, indioilar, falafel eta abarrekin digestioa egiteko denborarik gabe hasi zen bertsoaren festa.
Bertso idatzien txanda izan zen aurrena eta horretarako Aramaioko Kantu Lagunak taldeak ahots ederrez kantatu eta dantzatu zituzten herriko himnoak bihurtzeko aukera asko dituzten hainbat bertso ("Gora herri txiki ta bizixe!").
Bat bateko saiorako aurrez aurre Aiaraldetik etorritako Alfreedo taldea (Izar Mendiguren, Unai Mendibil eta Asier Rubiok osatuta) eta Aramaioko Ibabeko Bertan bilobak taldea (Xabi Igoa, Andere Arriolabengoa eta Manex Agirrek osatuta) izan genituen. Sarrerako agurretarako aramaioarrek Al Bano eta Romina bertsioneatuz eta Aiaraldekoek gitarra lagun hartuta ederki berotu zuten giroa. Lierni Altuna gaijartzailearen esanak jarraituz bertsolariek bete zituzten egin beharreko lanak eta azkar pasa zen saioa entzulearentzat, bertsoaldi onak joan ziren seinale.
Bukaeran epaileek puntu batuketak egin eta gero Aramaioko Ibabeko Bertan bilobak taldea atera zen garaile.
Hauxe da Aramaioko Kantu Lagunak taldea egindako bertso sorta:
Santa eskeko kopla doinue: “Aramaixo, auzoik auzo”
Auzo edo herritarrik
ez dago esan biherrik
Aramaixoko ekosistema
ez da Ibarra bakarrik
ESTRIBILLUE
Bailara gisa haundixe
herri txiki ta bizixe
etxerik etxe, auzorik auzo
eitten da gure herrixe
Aukerako pasiara
Anbotopeko maldara
Aukera ona da ezautzeko
Etxaguen eta Gantzaga
ESTRIBILLUE
Argazki on baten bila
benetako marabila
Muru azpiko parajietan
topauko dozu Untzilla
ESTRIBILLUE
Gureixan begira jarri,
desafioka elkarri
Aldapa batek bereizten dittu
Aixola ta Uribarri
ESTRIBILLUE