Arabako Foru Aldundiak zerbitzu berezia jarriko du urriaren 13tik (osteguna) urriaren 17ra (astelehena) bitartean, pertsonen garraioa eta Aiarako Udalerriko Soxo eta Soxoguti herrietako biztanleen larrialdi arreta bermatzeko, herri horiek Artziniegarekin lotzen dituen zubia hobetzeko lanak egiten ari diren bitartean.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak zubi horretan plataforma zabaltzeko eta oinezkoentzako bi pasabide atontzeko lanak egingo ditu datorren ostegunetik aurrera. Lan horiek ez dute eragotziko oinezkoen joan-etorria, baina ibilgailuen zirkulazioa erabat moztuko da osteguneko 7:00etatik asteleheneko 10:00etara bitartean.
Horregatik, eta Soxo eta Soxogutiko biztanleen garraioa eta larrialdietarako arreta bermatzearren, sailak dispositibo berezi bat jarriko du, zehazki, 15 lekuko mikrobus bat, anbulantzia bat eta suhiltzaileen ibilgailu bat. Era berean, baso pista bat atondu da, larraialdi zerbitzu gehiago behar denerako.
Mikrobusak garraio zerbitzu iraunkorra eskainiko du Soxo eta Soxogutiren eta zubiaren artean, aldez aurretik telefono honetara deituta: 689739004 Kontzeju horietako biztanleek aukera izango dute zubiaren beste aldean gaitu den aparkaleku batean beren ibilgailuak uzteko eta behar dituztenean ibilgailu horiek erabiltzeko.
Suhiltzaileen kamioia eta anbulantzia ere Arteko Gure Ama ikastetxearen parean egongo dira aparkatuta, behar denean, esku hartu eta Soxo eta Soxogutira joateko. Osakidetzaren helikoptero bat prest egongo da egunez, presako ebakuazioa egin beharra eskatzen duten osasun larrialdietarako.
Gainera, Kostera baso pista atondu da, baina bi kontzejuetara larrialdi zerbitzu gehiago sartu beharra dagoenean baino ez da erabiliko.
Azkenik, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak alde horretan dauden bi abeltzaintza ustiategitatik esnea jasotzea bermatuko du.