Amurriora helduko da Arabako 34. Musika Astea

Arabako Antzinako Musikaren Astea, usadio bihurtua, badator gure lurraldera musikaren maitaleak laketzera munduko espezialistarik onenetako batzuekin. Zikloaren 34. aldi honetan, 7 kontzertu izango dira, irailaren 4a eta 10a bitartean, eta berrikuntza izango du Gasteiztik kanpo ere izango direla emanaldiak, orain arte hiriburuan bakarrik izan diren arren. Arabako hiriburuari dagokionez, kontzertuak Santa Maria katedralean eta Done Petri elizan izango dira. Azken urteotan eliza hori ez da programa barruan izan, baina, ekitaldi honetan, berriz sartu da.

Gasteizen, irailaren 6an izango da lehenbiziko hitzordua, Santa Maria katedralean, His Majestys Sagbutts and Cornetts talde ingelesaren soinuak entzuteko parada izango delarik. "2012an bete zituelarik 30 urte, taldeak betiko aitzindari espirituarekin jarraitzen du: bost mendetako musika ikertzea eta orduko musika tresna bikainen soinua eskaintzea entzule berriei grabazio, irrati eta telebista emanaldi eta zuzeneko jardunen bitartez.

Taldearen muina bi kornetak, hiru sakebutek eta organo edo klabezin batek osatzen dute, baina HMSCk, usu, bat egiten du kantari eta harizko musika tresnen jotzaileekin, eta koruen proiektuekin ere lan egiteko eskatzen diote”, azaldu du Joseba Pérez de Heredia Euskara, Kultura eta Kirol Saileko zuzendariak, zeinak zikloa aurkeztu baitu.

Hurrengo egunean, irailaren 7an, Roberta Invernizzi eta Graig Marchitelliren txanda izango da, Done Petri elizan. “Roberta Inbernizzi, dudarik gabe, musika barrokoaren ahotsik nabarmenenetakoa da; soprano ahots garden eta sen dramatiko hutsegin-ezinezkoarekin, badaramatza zenbait urte aspaldiko musika ahantziak berraurkitzen, batez ere bere herrialdekoak”, adierazi du zuzendariak.

Hurrengo bi egunetan, Santa Maria Katedralera itzuliko dira kontzertuak, eta irailaren 8an, Fahmi Alqhairen Accademia del Piacere taldeak emango du kontzertua, eta, irailaren 9an, Eduardo López Banzoren la Vozes del Ayre taldeak.

Eta nahiz eta ez egon programa ofizialean, Gasteizek beste hitzordu bat izango du irailaren 3an. Arte Ederren Museoan Dolce Rima taldearen emanaldia izango da egun horretan: osagarri ezin hobea Antzinako Musikako Asterako. Kontzertu honetarako, sarrera librea izango da, aretoa bete arte.

Gainerako kontzertuez den bezainbatean, gonbidapenak irailaren 1ean banatuko dira Santa Maria Katedralaren atarian, 17:00etatik aurrera. Kontzertuko bi sarrera jaso ahal izango ditu bakoitzak.

Berrikuntza nagusia, Arabako Musika Astearen 34. aldi honetan, zera da, Arabako lurraldean zehar ere izango direla kontzertuak. Oraingo honetan, Amurrion Dolce Rima gozatzeko aukera izango da, San Anton ermitan, irailaren 4an; ondoren, Lantziegon eta Gaubean, Angelicata Consort eta Udasoinu Barroco izango dira, lehena San Azisklo elizan, eta bigarrena Jasokundearen Andre Mariaren elizan, Tuestan.



LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide