Foru Aldundiaren garraio lineetako bidaiarien kopurua ehuneko 23 handitu da urtarriletik ekainera

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2016ko abu. 25a, 13:19

Arabako Foru Aldundiaren errepide bidezko hiri arteko garraio linea berrietako bidaiarien kopurua % 23 handitu da, batez beste, 2016ko lehenengo seihilekoan zehar, iazko denboraldi berdinarekin alderatuta. Bilakaerak, gainera, goranzko joera nabarmena markatzen du. Izan ere, ekainaren amaieran, kasu batzuetan %48ra ere heltzen diren gehikuntzak izan ziren.

Ibilbideak eta maiztasunak oro har hobetu izana, autobus berriak, erosoago eta modernoagoak, zerbitzuan jarri izana eta ordaintzeko bide moduan BAT txartela sartu izana dira gehikuntza horren arrazoi garrantzitsuenak. Beste faktore bat da azken urtean zehar aldaketak –zerbitzu, geltoki eta ordutegi berriak- sartu izana, toki erakundeek eta erabiltzaileek eskaturik.

2015eko ekainaren amaiera aldean funtzionatzen hasi ziren Arabako Errioxako eta Aiarako linea berrietan, eta joan zen urriaren 25ean hasi ziren Araba erdialdeko linea berrietan, denetara, 326.783 bidaiari izan ziren urtarrilaren 1etik ekainaren 30era arte. Horrek %23ko gehikuntza egiten du 2015eko lehenengo sei hilabetean kontzesio horietan bertan billetea erosi zuten 265.663 pertsonekin alderatuta.

Bilakaera desberdina da kontzesioen arabera: Arabako Errioxak eta Aiarak, lehenengo seihileko horretan, %34ko eta %20ko gehikuntzak dituzte, hurrenez hurren. Araba erdialdean ere, bilakaera positiboa dago, erabiltzaileen kopurua %17 handitu delarik. Gainera, hiru horietan kopuruak hilabetez hilabete hobetuz doaz, eta Arabako Errioxaren kasuan ekainaren amaieran %48ra ere heldu zen hazkundea.

Hobekuntzak eta aldaketak

Josu López Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko diputatuaren iritziz, hazkunde horien arrazoiak “ibilbideak eta maiztasunak oro har hobetu izana, autobus berriak zerbitzuan jarri izana eta ordaintzeko bide moduan BAT txartela ezarri izana dira; baita ere, azken urtean zehar hainbat lineatako zerbitzu, geltoki eta ordutegietan aldaketak egin izana, toki erakundeek eta erabiltzaileek eskaturik.”

López Ubiernak, esate baterako, urtarrilaren erdialdetik hona Aiara Haraneko eta Arabako Errioxako hiri arteko hiru garraio lineatako ordutegi eta geltokietan egindako aldaketak azpimarratzen ditu. Aldaketa horien helburua, batez ere, Gasteizko ikastegietan matrikulatuta dauden eskualde horietako ikasleek zerbitzu hauek erabili ahal izatea eta horrela eskoletara garaiz heltzea errazago egitea izan da.

Hiru hilabete geroago, apirilean, gehitu egin zen errepide bidezko hiri arteko 9 garraio lineako zerbitzu kopurua, Gasteiz eta Logroño arteko lineakoa, alegia, Arabako Errioxako kontzesioa berritu zenez geroztik izandako eskariaren gehikuntzari erantzuteko. Era berean, erabaki zen udaran ibilbideak eskaintzea Conchas de Haron eta Herrerako mendatean zehar, toki erakundeek eta bidaiariek eskaturik.

Berrikuntza horri esker, linea horrek urte osoan zerbitzua eman diezaieke Samaniegoko eta Ábalosko udalerriei, eta Bastidan geltoki berri bat sortu da.

Baita ere, Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak orain dela aste batzuk aldakuntzak sartu ditu Arabako Errioxako eta Aiarako lineetan, asteburuetan eta jaiegunetan bi zerbitzu martxan ipintzeko 7 linean (Gasteiz-Ventas de Armentia-Bernedo-Lagrán); eta maiztasuna eta ordutegiak ere hobetzeko eta geltoki berriak egokitzeko 14 linean (Gasteiz-Izarra), 15ean (Gasteiz-Laudio) eta 16an (Artziniega-Okondo).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide