Aldundiak turismoari buruzko web atari berria jarri du abian, 6 ibilbide berri ardatz dituena

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2016ko uzt. 29a, 18:49

Gaur, Arabako Foru Aldundiak turismoari buruzko web atari berria (www.alavaturismo.eus) jarri du abian. Web atari horretan, ‘galtzeko’ aukera ematen duten 6 ibilbide berri dira ardatz nagusi, zeinen bidez bai bertakoek bai bisitariek lurralde historiko honek dituen interesgune nagusiak ezagutu eta haiez gozatu ahal izango duten. Lehen fase honetan, web atariak baliabide eta tresnen aukera zabala jarri du erabiltzailearen eskura, eta datozen hilabeteetan gehituz joango dira.

Bi proiektuak, web atari berria eta ibilbideak, elkarri lotuta daude, eta sorburu izan dute agintaldi hasieran abian jarri zen estrategia, helburu zuena turismo eskaintza osoa prestatzea eta bisitari izan daitezkeenei pisuzko arrazoiak eskaintzea Araba ezagutu dezaten eta bertako herri eta hirietan zenbait egun igaro ditzaten. Izan ere, estrategia horren xedeetako bat batez besteko egonaldia luzatzea da.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko diputatuak prentsaurrekoan azaldu duenez, ekimen horien abiapuntua izan da lan talde bat sortzea zazpi kuadrillekin, lehenik eta behin Araba turismo helmugen erdi-erdian nola jarri zehazteko eta, gero, hori abiarazteko, hedapen, komunikazio eta sustapen politika baten bitartez.

Adierazi duenaren arabera, “Eskualde bakoitzaren alderdi erakargarriak eta baliabideak aztertu genituen, eta ondorioztatu genuen Araba berezi egiten dutenak bertako natura eta turismo aktiborako eta familia turismorako eskaintzen dituen aukera ugariak direla. Talde horrek beste posizionamendu batzuk ere ezarri zituen, lehen mailakoak eta erakartzeko ahalmena dutenak, hala nola ondarea eta enogastronomia”.

Ondorio horiek bidea eman zuten komunikazio kanpaina bateko mezuak zehazteko. Kanpaina horrek, hain zuzen, helburu du jendeari helaraztea Araba gai dela bisitari bakoitzari eskaintzeko esperientzia pertsonala, berezia, masifikatu gabeko turismoaren balioei lotua, agertoki paregabeak eta ‘slow’ filosofia, zeinetan bizitako esperientziak eta sentimenduak baitira nagusi. Kontzertu, jaialdi eta gastronomia proposamenek ere izango dute lekurik.

Galtzeko moduko ibilbideak

Cristina Gonzalezek nabarmendu duenez, mezu horiek “bete-betean islatzen dira gaur aurkezten ditugun bi proiektuetan: ‘Araban galtzeko 6 ibilbide’ eta web atariaren lehen fasea. Ibilbide horiek beste hainbeste ibilaldi egiteko aukera eskaintzen dute, hiru eta lau egunekoak, Arabako eskualdeek dituzten alderdi erakargarri nagusiak ezagutzeko, baina ‘iradokizun’ gehigarriak ere ematen dituzte, bisitariek egonaldia luzatu dezaten”.

Ibilbide horiek datorren astetik aurrera izango dira arabarren eta bisitarien eskura turismo bulegoetan. Izan ere, liburuxka txukun bat egin da, informazio xehatua jasotzen duena sei ibilbideei buruz: Bideen Ibilbidea, Zentzumenen Bidea, Bizipenen Ibilbidea, Tradiziozko Bizimoduaren Ibilbidea, Oroitzapenen Ibilbidea eta Parke Naturalen Ibilbidea. Liburuxkak QR kodea ere badakar, gailu mugikorretara deskargatu ahal izateko.

Diputatuak esan duenez, “Turismo teknikariekin zuzeneko lankidetzan zehaztu ditugu ibilbideak eta baliabideak eta, beraz, lurralde osoa eta bertako eskualde guztiak hartzen dituzte, eta pareko agerpena dute denek”.

Web atarian ibilbide horiek dira protagonista nagusi. Xehetasunez azaldu dira denak, mapa eta guzti, eta eskaintzen diren baliabide turistiko guztiei buruzko informazio gehigarria ere eskaintzen da, esteken bitartez (historia, ordutegiak, geolokalizazioa, estekak, argazki galeria eta abar). Ibilbide bakoitzak laburpen bideo bat ere badauka, bertan ikusi ahal izango diren monumentuak eta paisaiak erakusten dituena.

Arabako Erdi Aroko Ibilbideek ere, Artziniega eta Guardia lurraldeko hiri eta hiribildu harresituen bitartez lotzen dituztenek, badute tokia webgune berrian.

Gonzalezek adierazi duenez, web ataria “guztiz berria da, bisualki erakargarriagoa, erabiltzailearentzat erosoagoa da bertan nabigatzea eta kalitatezko edukiak ditu. Web ataria proiektu bizia da; orain abiarazi da, lehen fase honetan, eta etengabe osatzen joango da. Datozen asteetan pixkanaka baliabide gehiago sartzen joango gara, edukia aberasteko”.

“Horixe bera egingo dugu hizkuntzekin ere. Web ataria euskaraz eta gaztelaniaz jarri dugu abian, baina laster ikusi ahal izango da beste hizkuntza batzuetan ere”, gehitu du.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko diputatuak nabarmendu duenaren arabera, eduki eta hizkuntza gehiago sartzeaz gain, proiektua “hazten joango da tresna berriak sartuko baitira, erabiltzaileei oporraldia planifikatzea ahalbidetuko dietenak, eta produktu gehiago ere jarriko dira hainbat arlotan —familia turismoan, besteak beste—; horiek guztiak prest egongo dira urtea amaitu baino lehen, Madrilgo Fitur azokara eta sektoreko beste azoka batzuetara eramateko”.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide