Arabako Foru Aldundiak, lurralde oreka eta gizarte kohesioa indartzeko asmoarekin, lagundu egingo die kuadrillei ekonomia eta industria suspertzeko planak gauza ditzaten bakoitzak bere jardun eremuan, eta 369.448,00 euro bideratu ditu horretarako dirulaguntzatan.
Arabako Lurralde Historikoak tokiko erakunde antolamendu garrantzitsua eratu du arian-arian, eta nabarmentzekoa da egungo zazpi kuadrillak sortu izana bere garaian, udalerriekin batera ardura dutenak lurralde historiko zerbitzu publikoak eraginkortasunez eman eta zabaltzeko. Hori dela eta, Arabako Foru Aldundiak kuadrillei eta toki erakundeei, oro har, finantza baliabideak eman ohi dizkie, besteak beste, eginkizun horiei aurre egin diezaieten.
Ekimen honekin, aurrekontuen gaineko hitzarmenaren poderioz, beste urrats bat egin da norabide horretan, lagunduz erakunde onuradunei suspertze plan bat landu dezaten – plan horrek diagnostiko bat eduki beharko du, egoeraren analisia jaso eta beharrizanak zeintzuk diren zehaztuko dituena, eta gauzatu beharreko ekintzen proposamen funtsatu bat–, eta proposatutako ekintzak gauza ditzaten.
Beraz, Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Sailak erabaki du 28.571 euro ematea Arabako kuadrilla bakoitzari –salbu eta Gasteizkoari–, eta zenbateko horrekin batera, beste zenbateko aldakor bat, bakoitzak dauzkan langabetuen kopuruaren arabera. Hala, bada, Aiarak 93.372 euro gehiago izango ditu, Arabako Errioxak eta Arabako Lautadak 31.000, Añanak 18.000, Zuiak 13.000 eta Kanpezu-Arabako Mendialdeak 4.500.
Orain, kuadrillek suspertze plan bat landu beharko dute, eta Arabako Garapen Agentziak lagunduko die horretan, bai kuadrilla bakoitzaren egoera zehatzago ezagutzen, bai ekintzen helburuak eta proposamenak zehazten. Era berean, Araba Garapen Agentziak, kuadrillekin elkarlan estuan, zainduko du nola gauzatzen diren diruz laguntzekoak diren ekintzak, eta txosten bat emango du haiek gauzatu ostean, azalduz aurreikusitakoaren arabera gauzatu ote diren eta helburuekin bat ote datozen.
Kuadrillek ekainaren 11 arte izango dute epea planak aurkezteko, eta, ondoren, Araba Garapen Agentziak 15 egun izango ditu planok berrikusteko.