Gaur egindako Diputatuen Kontseiluak baimena eman du “Arabako Suhiltzaileak” erakunde autonomoa sortze aldera foru arau proiektua egiteko.
Erabaki horrek eredu bat proposatzen du, non Arabako Foru Aldundiak zerbitzua kudeatzeko ardura guztia izango duen; horretarako, lurralde guztiaren ardura izango duen zerbitzuaren kudeaketa koordinatuko duen erakundea sortuko du. Ezinbesteko zerbitzu hori eskaintzean lurralde guztian ahalik eta eraginkortasun handiena lortzea da xede.
Asmoa da egitura berritzailea eta irekia eraikitzea, suteak prebenituko eta itzaliko dituen eta salbamendu zerbitzu publikoa, profesionala, kalitatekoa, eraginkorra eta segurua eskainiko diona gizarteari.
Zerbitzu horrek ingurukoekin jardungo du elkarlanean eta herritarren parte hartzea onartuko du, haiek baitira aldaketaren protagonista. Horrez gain zerbitzu horren gidaritza balio berrietan oinarrituko da: zerbitzu irekia izango da, emaitzak helburu dituena, gardena eta berritzailea.
Era berean, erakunde autonomo hori da Arabako suhiltzaile parke guztiak apurka-apurka 24 orduak irekita egotera bideratutako lehen urratsa.
Bilakaera horren ardatz nagusia izango da Iruña Okan eraiki nahi den parke zentrala, 2017an abian izango dena, eta azken urratsa 2019an egingo da, Aiarako PSISZa eraikitakoan eta Guardia, Espejo, Agurain eta Santikurutze Kanpezuko SISEUak indar betean dihardutenean.