Igone Martinez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak eta Pilar Lopez “Teatro Paraiso” konpainiaren arduradunak gaur goizean aurkeztu dute prentsaurrekoan hogeita hamaikagarren “Antzerkia eskolara” kanpaina, zeina apirilaren 4an hasi zen eta maiatzaren 20an bukatuko den. Aurten 34 ikastetxek, 2.576 ikaslek eta 150 irakaslek izango dute “Kubik”en unibertsoan murgiltzeko aukera. “Kubik”, “Teatro Paraiso” konpainiaren ikuskizuna, Arabako kuadrilletako zenbait ikastetxe eta kultura gunetan antzeztuko da.
“Antzerkia eskolara” kanpainak kultura gizarteratzea du helburu, eta ikastetxeen bidez, aukera berdintasunaren bermatzaile diren aldetik, bilatzen du nornahiren esku jartzea sorkuntza. Horiek horrela, Arabako zeinahi txokotan bizi den nornahiren esku jartzen ditu eszena arteak, lurralde oreka indartuz.
Hogeita hamaikagarren kanpaina honetan berreskuratu egin dira irakasleekin egiten ziren lantegiak. Izan ere, lantegi horiek hasieratik ziren proiektuaren zati, baina azken urteetan, ekonomia eragozpenak zirela eta, bertan behera utzi ziren. Aurten, irakasleekin bat etorriz, lantegi praktiko bat proposatuko da, irudiei eta horiek haur hezkuntzan eskaintzen dituzten hezkuntza aukerei eta aukera artistikoei buruzkoa. Horretarako, hiru lan lerro jorratuko dira: irudia historiak kontatzeko baliabide eta etorri iturri; irudien azterketa eta sorrera ikasgelan jolasa sustatzeko tresna; eta irudiak arte hastapen. "Kutxa bildumariak” lagunduko digu horretan. Ikasgelan arropa zuria jantzita agertuko den pertsonaia horrek uztartuko ditu zeregin horiek pizten dituzten zirrarak. Izan ere, ikuskizunak eragindako sentsazio guztiak marraztu, margotu edo idatzi ahal izango dituzte ikasleek pertsonaia horren arropa zurietan.
Era berean, familiekin harremanak sendotzeko beharra ikusita, antzerkia eskolara ez ezik Arabako supazterretara ere helduko da. Eskutitz itxurarekin helduko da: “Kubik”en eszenografian oinarrituta (kutxak), antzezleek taula gainean proposatzen duten abenturan parte hartzera gonbidatuko dira familiak; abentura: mundua eta haren irudiak esploratzea jolasaren bidez. Horretarako, hauxe baino ez dute egin beharko: kutxa bat hartuko dute eta bideo, testu edo argazki bat bidaliko digute adoptaunacaja@gmail.com helbidera. Horrek sorkuntzan parte hartzen lagunduko die familiei.
“Kartoi kutxa baten abenturak” film laburra ikusiz hasi ahalko dute abentura. Film hori familiekin harremanetan jartzeko tresna da, eta ikastetxeetan egiten den kultura eta hezkuntza proiektuaren garapenean murgil daitezen du helburu.
Nahiz eta ikasleek eta familiek proiektuan parte hartu, ume arabarrak izango dira benetako protagonistak. Horiei eszena arteekin zerikusia duen bizipena proposatzen zaie, "Teatro Paraiso" konpainiak bere proiektuetan beti izan duen iritziarekin bat etorriz, atzoa, gaurra eta biharra izan behar duena.
Aiarako Kuadrilla: Amurrio Antzokia, Milagrosa ikastetxeko aretoa (Laudio), Fabian Legorburu HLHIko aretoa (Areta-Laudio), Etxaurren Ikastola HLHIko ikasgelak (Arespalditza) eta Arteko Gure Ama HLHI (Artziniega).