Arabako Foru Aldundiak kimikarien, nekazaritzako ingeniarien eta nekazaritzako ingeniari teknikoen lan poltsa banatarako deialdia egingo du, datozen urteetan arlo batean eta bestean izan daitezkeen aldi baterako kontratazio beharrak betetzeko. Probak apirilaren hasieran egingo dira.
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak deialdi publiko hauek egin ditu iragan agintaldietan sortutako nekazaritzako ingeniarien eta ingeniari teknikoen lan poltsak agortuta daudelako. Kimikarien lan poltsa sortu berria da, prestakuntza hori duten pertsonen beharra antzeman baita.
Lan poltsa horietan sartzeko aukera izateko, ezinbestekoa da kimikako lizentzia edo gradua, nekazaritzako ingeniaria, nekazaritzako ingeniari teknikoa edo nekazaritzako ingeniari gradua izatea edo haiek eskuratzeko legez ordaindu beharrekoak ordainduta izatea.
Hautaketa prozesuak bi proba izango ditu, nahitaezkoak eta baztertze indarrarekikoak. Lehena ezaupide proba bat izango da, test erakoa, eta izangaiek gai zerrendari buruzko galdetegi bati (aukera anitzeko galderak) erantzun beharko diote; bigarrena, proba praktikoa izango da.
Deialdian parte hartu nahi dutenek otsailaren 22a eta martxoaren 4a bitartean, biak barne, daukate eskaerak aurkezteko. Eskaera horiek Arabako Foru Aldundiaren Erregistro Orokorrean bertan aurkeztu ahal izango dira, oinarrietako eranskinean ageri den ereduan, edo, bestela,
www.araba.eus/PortalEmpleo web orrian.
Internet helbide horretan bertan izango dira eskueran datorren astelehenetik aurrera deialdiaren oinarriak eta gai zerrenda. Era berean, bitarteko horren bidez jakinaraziko zaizkie izangaiei prozesuaren faseak.
Honako hauek jakinaraziko dituzte lan poltsa horren deialdian parte hartzeko eskaera egiten duten pertsonek: eskatutako betekizunak betetzen dituztela, eta zer hizkuntza ofizialetan egin nahi duten ezaupide proba, nahiz eta oraingoz ez den eskatzen inolako dokumentaziorik aurkez dezaten. Era berean, 15 euro ordaindu beharko dituzte azterketa egiteko tasa gisa.
Langabetuek eta % 33ko graduko desgaitasunen bat edo handiagoa izanik hala egiaztatzen dutenek ez dute ordaindu beharko tasarik.