Arabako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak hiru lankidetza hitzarmen berritu ditu Amurrioko, Asparreneko eta Gaubeako udalekin, adinekoentzako etxebizitza komunitarioak kudeatu eta funtzionarazteko, eta horretarako 106.288, 170.294 eta 137.386 euro emango dizkie hurrenez hurren.
Etxebizitza horien bidez lortu nahi dena da adinekoen bizi kalitatea hobetzea, lehenetsiko delarik beren erreferentziazko udalerriko bizitza komunitarioan erabat integratzea eta bertan parte hartzea.
Hain zuzen ere, Amurrioko etxebizitza komunitarioak 8 lagunentzako plazak dauzka egoitza arretarako. Asparrenean, berriz, 12 plaza daude mendetasun arina daukaten adinekoentzat. Gaubeako Udaleko etxebizitza Espejoko udalerrian dago eta 10 plaza eskaintzen ditu egoitza zerbitzurako, beste hiru eguneko arretarako dira eta beste hiru egoitzatik aparteko zerbitzuetarako, hala nola janaria emateko, bainu geriatrikoa emateko eta arropa garbitzeko.
Guztira, Arabako Foru Aldundiak 413.968 euro emango ditu hiru etxebizitza horiek 2015ean kudeatu eta funtzionarazteko.