Bihartik aurrera, hau da, abenduaren 1etik aurrera, artatu egin ahal izango ditu etxez etxeko laguntza zerbitzuak gerora sortutako mendetasunen bat duten pertsonak
Gaur arte, bat-bateko gertaeren ondorioz, hala nola, garezur eta garuneko traumatismoaren, iktusen edo istripu burmuinbaskularren ondorioz, mendeko bihurtzen ziren pertsonek mendetasun balorazioren zain egon behar zuten; eta prozesu hori sei hilabete luzatzen zen.
Arabako Foru Aldundiak hedatu egingo du etxez etxeko laguntza zerbitzua eta gerora sortutako mendetasunen bat duten pertsonak ere artatuko ditu, hau da, artatu egingo ditu gertaera bortitz baten ondorioz autonomo izateari utzi eta leheneratzeko aukerarik gabe gelditu direnak.
Proiektu horrekin, Arabako erakundeak “2007az geroztik dagoen hutsune bat beteko du. Orain arte, eragindako pertsona eta haren familia krisi larri batean murgilduta egon arren, ezin zuten Gizarte Zerbitzuen sareko artatze zerbitzuak baliatu”, azaldu du Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatu Beatriz Artolazabalek, mendekotasun gradua zehazten balorazio zerbitzuek behar duten urte erdiari aipamen eginez. Horren harira, gehitu du “ezinbesteko jotzen dugu pertsona horiek artatzea eta haiei etxez etxeko laguntza zerbitzu bat eskaintzea, harik eta mendetasun egoera onartzen zaien arte”.