Obrak 279.158 euroan esleitu ditu eta lau hilabete eta erdiko epea dago amaitzeko
Diputatuen Kontseiluak gaur esleitu ditu Amurrioko adinekoen egoitza eraberritzeko lanak, 279.158 euroan eta lau hilabete eta erdiko epea egiteko.
Lanei urtea amaitu aurretik ekingo zaie, seguruenik, eta suteen aurkako ebakuazio eta babes sistemak hobetuko ditu, bai eta logeletarako irisgarritasuna ere.
Egoitzako eraikinak 25 urte ditu eta, funtsezko elementuen zaintze egoera ona bada ere, hainbat egitura eskasia dauzka segurtasunaren arloan, eraberritze honen bidez konponduko direnak.
Proiektu hori egiteko eskumena Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailarena da.
Lehendabizi, eta suteen aurkako babesa hobetu eta larrialdia egonez gero ebakuazioa errazago egin dadin, zabaldu egingo dira lehenengo eta bigarren solairuetako bi pasillo nagusiak, bertan baitaude logelak eta komunak. Bien artean atartea jarriko da. Halaber, beste eskailera bat eraikiko da kanpora ebakuatu ahal izateko, badagoen bakarraren osagarri.
Eskailera hori metalikoa izango da eta iristeko plataforma bana izango ditu goiko bi solairuetan eta nahiko leku hainbat gurpil aulki pasatzeko. Egoitzako lorategira izango du irteera zuzena.
Proiektuak ere jasotzen du logeletarako eta komunetarako sarrera eraberritzea, ateak handitzeko; logela bikoitzetan, berriz, oheburukoak tokiz
aldatuko dira, erabiltzaileak errazago sar daitezen eta armairua ere eskuragarriago izan dezaten. Bide batez, hainbat instalazio aldatuko dira, hala nola elektrizitatea, hodiak eta suteen aurkakoak, eta pintatu eta zola aldatuko da.
Azkenik, suaren aurkako ateak jarriko dira sukaldean, garbitegian eta beheko solairuan dauden aldageletan.