Erabilera publikorako berreskuratuko da XX. mende hasierako
eraikin historiko hori
Diputatuen Kontseiluak Laudioko Musika Etxea goitik behera zaharberritzeko obrak esleitu ditu, gaur, 842.224 euroan; eta lan horiek zazpi hilabetean egin beharko dira. Horiek horrela, azken urratsa egin du XX. mende hasierako eraikin historiko hori erabilera publikorako berreskuratzeko. Proiektuak espazio gardenak aurreikusten ditu, bai eta hitzaldi eta erakusketa areto bat ere, Urkixo Markesen antzoki zaharrean.
Lan horiek, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak proposatuta esleituak, urtea bukatu baino lehen hasiko dira, eta hiru solairu eta soto baten banatutako eraikin bateko 750 metro koadroak zaharberrituko ditu. Lanak, besteak beste, honetan dautza: zurezko jatorrizko eskailera kentzean eta haren ordez beste eskailera bat eta irisgarritasuna bermatuko
duen igogailu bat jartzean.
Beste aldaketa batzuk hauek izango dira: Lamuza kaletik Musika Etxera sartzeko atea ixtea eta ate horretatik metro batzuk eskuinetara, Lamuza kalean bertan, beste atetzar bat irekitzea, eta dorreko antzoki zaharreko sarrera atea kentzea. Gela berezi horretan agertokiko zurezko pilastrak mantenduko dira, eta hitzaldi eta erakusketetarako aretoa egingo da. Halletik zuzen-zuzenean sartu ahal izango da bertara.
Zaharberritze proiektuak jatorrizko eraikinaren kanpoko itxurari eutsiko dio, eta printzipio hori barrualdean ere ezarriko da, ahal den neurrian behintzat.
Musika Etxea zaharberritzeko lanak esleitu eta hasi ondoren, hurrengo urratsa kasinoa goitik behera lehengoratzea izango da. Kasino hori ere Lamuzako parkean dago. Arabako Foru Aldundia eraikuntza proiektua idazten ari da dagoeneko, eta datozen hileetan bukatuta izango dela aurreikusi da; gero, 2016an, lizitatu eta esleitu egingo da.