A-2601 eta A-4624 errepideetako egokitze eta urbanizatze lanak, 1,3 milioi euroan,
zortzi hilabetean egiteko baldintzarekin. Egokitze eta urbanizatze lan horiek
Artziniegan egingo dira. Lanok zeharbide biak hobetuko dituzte: espaloiak eta
zona berdeak gaituko dira eta Arabako herri horri izena ematen dion ibaiaren
gaineko zubia handituko da.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak proposatuta esleitutako
proiektu horrek bi errepideen bide segurtasuna hobetuko du; izan ere, ez batak ez
besteak ez du ez espaloirik ez bazterbiderik, nahiz eta, batez ere A-2602
errepidean, ugaria izan ibilgailu astunen joan-etorria. Horrez gain, bi errepide
horiek ohiko bide dira udalerriko ikastolan ikasten ari direnentzako eta kiroldegiko
erabiltzaileentzako.
Arabako Foru Aldundiak eta Artziniegako Udalak iragan uztailaren 31n
izenpetu zuten lan horiek egin eta haiek zekarten inbertsio beharra banatzeko
lankidetza hitzarmena. Horiek horrela, hitzarmenean adostutakoaren arabera,
aldundiak aurrekontuaren % 63,6 baino zertxobait gehiago hartuko du bere gain,
hau da, 815.636 euro, eta udalak gainerako % 36,34a, 466.540 euro, alegia.
AEPI-Arabako Errepideen Plan Integralean jasotako jarduera horren
helburua da A-2602 eta A-4624 errepideen egokitze obrak egitea, Artziniegan
zehar, errepide horiek erabiltzen dituzten gidarien eta, batez ere, oinezkoen
segurtasuna areagotzeko. Izan ere, bi errepide horiek Arabako herri horren
erdigunea eta ikastola eta kirol gunea lotzen dituzte.
Horretarako guztirako, A-2602 zeharbideko 300 metroetan zazpi metro
(2x3,50 m) zabal den galtzada egingo da, bai eta ere metro erdiko bazterbide bana
eta bi metroko espaloi jaso bana alboetan; A-4624 zeharbideko 500 metroetan,
berriz, galtzada berri bat, espaloiak, bazterbideak eta zona berdeak egingo dira.
Proiektuak bi errepide horiek bat egiten duten gurutzagunea hobetzea ere
aurreikusten du, bai eta A-4624 errepideko zubia, Artziniega ibaiaren gainekoa,
handitzea ere. Estua da zubi horretan galtzada, eta doi-doi igaro ahal dira auto bi
batera; beraz, zabaldu, espaloiak eta oinezkoak babesteko hormigoizko hezi zurrun
bat egingo dira.
Azkenik, hobetu egingo dira bi zeharbideetako hirigintza baldintzak:
espaloiak eta zona berdeak ez ezik, euri uren saneamendu sareak eta herri argiteria
ere aldatu egingo dira, bai eta telekomunikazio lerroak kanalizatu ere. Edateko
uraren eta gasaren sareak aldatzea ere aurreikusten da proiektuan.