Arabako Foru Aldundiko Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak 256.000 euro inbertituko ditu A-624 errepidea berriz asfaltatzean Artziniegatik Burgosko mugaraino. Tarte horretan zorua egoera txarrean dago, deformazio larriak dauzka-eta hainbat gunetan.
Deformazio horiek batez ere errepidearen bazterretan daude; hain zuzen ere, sakonune batzuk dira eragozten dutenak ibilgailuak bide guztian zehar ibiltzea, kontuan izanik, gainera, bidea ez dela zabala. Arazo hori handitu egin da azken hilabeteotan, ibilgailu astunak ibili direlako atzera eta aurrera handik hurbil egon den obra bategatik.
A-624 errepideko 56,9 eta 60,4 kilometroen tartean asfaltatuko da berriz ere zorua; hau da, guztira 3,5 kilometro Arabako Artziniegaren eta Burgosko probintziaren mugaren artean. Joan den astelehenean hasi dira lanak eta datorren astean zehar amaituko dira.
A-624 errepideko zorua berriz asfaltatu eta indartzeko, aldizka moztu egin behar da trafikoa bide honetan, makinek lan egin ahal izan dezaten eta errepidearen erabiltzaileen segurtasuna bermatu dadin. Nola nahitaez moztu behar den trafikoa aukera bat zen errepidea guztiz moztea trafikorako, baina aukera hori alde batera utzi zen ez dagoelako aukerako beste ibilbiderik igarobide horretan.
Izan ere, A-624 errepidea trafikorako moztuz gero Artziniega eta Burgosko muga bitartean, gidariek hogeita hamar kilometro baino gehiagoko bira eman beharko lukete.
Aspalditik eskatzen aritu dira toki erakundeak eta erabiltzaileak Aiarako eskualdeko errepide honen zorua hobetzea.