Eskualde garraioaren zerbitzu berriak eskualdeko hiriburuetara gerturatuko ditu erabiltzaileak

Amurrioko autobus geltokia. Argazkia: aiaraldea.eus

BAT txartela sartu eta erreserba zentroa jarriko da

Arabako Foru Aldundiak aurten lizitatuko du zerbitzua

Eskualdeko garraioaren foru zerbitzu berriak linea erregularrik ez duten herrietako biztanleak eskualdeko hiriburuetara gerturatuko ditu, oinarrizko zerbitzuak errazago jaso ditzaten (hezkuntza, osasuna, saltegiak, erakundeak eta abar). Berritasunak izango dira, orobat, BAT txartela erabiltzeko aukera, ibilbide eta ordutegi zehaztuak, eta erreserba zentroa abian jarriko dela.

Josu López Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak eta Marián Gutiérrez atalaren zuzendariak gaur Arabako Batzar Nagusietan azaldu dituzte zerbitzu berriaren ezaugarri nagusiak, zeinak gaur egun landa eremuko taxiek egiten duten eskariaren araberako garraio zerbitzua ordezkatuko baitu. López Ubiernak eta Gutierrezek baieztatu dute aurten bertan, 2017an, egingo dela zerbitzu horren lizitazioa.

“Azken urteotan egin den garraio erregularraren berritzea osatu egin nahi dugu eskualde garraioa sakonean eraberrituz. Gure konpromisoa arabar guztien mugikortasuna bermatzea da, beraiek bizi diren udalerriko biztanleen kopurua gorabehera”, adierazi dute.

Gaur egun egiten den eskariaren araberako garraio zerbitzuak autobus linea erregularren geraleku gertukoenetara eramaten ditu landa eremuetako herrigune txikietan bizi direnak, edozein tokitan daudela ere. Erabiltzaileek, gainera, zerbitzua egin bezperan, beranduenik ere 18:00etan, abisatu egin behar dute, eta ezin dute zerbitzu hori erabili ez larunbat arratsaldeetan ez igandeetan, ez eta jaiegunetan ere.

Eskualde garraioaren zerbitzu berria abian jartzeari esker, nabarmen hobetuko dira prestazio horiek, eta eskualdeko hiriburuetara hurbilduko ditu erabiltzaileak, errazago izan dezaten autobus linea erregularrak erabiltzea, baina ez hori bakarrik, bai eta oinarrizko zerbitzuak jasotzea ere (hezkuntza, osasuna, saltegiak, finantza erakundeak, erakunde publikoak eta abar), zehaztutako ibilbide eta ordutegien bitartez.

“Hemengo herririk txikienetan bizi direnek oinarrizko zerbitzuak errazago jaso ahal izatea da helburua. Horrekin, gizarte kohesioa eta lurralde oreka bultzatuko ditugu”, adierazi dute.

Berritasunak izango dira, halaber, ordaintzeko BAT txartela erabiltzeko aukera izango dela, ohiko tarifetan beherapena egitea ahalbidetuko duena, eta erreserbak egiteko zentroa izango dela, web eta telefono bidezkoa.
Talde tekniko bat hasi da dagoeneko kontratuen agiriak idazten 2017an lehiaketara ateratzeko, Bartzelonako Hiri Ekologiaren Ikasgelak proposatutako eredu batetik abiatuta.

López Ubiernak, Arabako Batzar Nagusietan egin duen agerraldian, AP68 eta AP1 bidesaridun autobideak sarri erabiltzen dituzten arabarrentzako hobarien politika ere azaldu du, eta jakinarazi du iaz, 2016an, mila lagunek baino gehiagok jaso zituztela hobari horiek, batez beste 234 euro, guztira 256.000 euroko aurrekontuarekin.
Diputatuak adierazi duenez, programa hori bateragarri da hiru foru aldundiek aurrera egiteko duten gogoarekin, “bidesari eta hobarien politika bateratua” lortzeko. “Xede horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egiten ari gara, hain zuzen erakunde horrekin batera kudeatzen baitugu Gasteiz eta Eibar lotzen dituen AP1 autobidea, baina bi aldeok jakitun gara oso gai zaila dela”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide