Ramiro González Arabako diputatu nagusiak, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasun Saileko Kontseilariarekin batera, gaur aurkeztu ditu Arabako Foru Aldundian miñoiek gaurtik aurrera jantziko dituzten uniforme berriak. Uniformea berriturik, aldatu egiten da gaur egungo kaki koloreko uniformea, 1930etik ezagutzen duguna, eta, aditzekoa denez, mugak dituena diseinuaren eta materialen ezaugarri teknikoetan; haren ordez, beste uniforme ergonomikoago eta erosoago bat jantziko dute, hobeto erantzungo diena Arabako agenteek betetzen dituzten polizia eginkizunei.
Miñoiek, gaurtik hasita, uniforme berria eramango dute; material berriz egina da, eta ezaugarri tekniko hobeak ditu, polizia eginkizunen beharrizanei hobeto erantzunez funtzionalagoak izaki, irudi moderno eta berrituarekin.
Arabako Foru Aldundiaren Miñoien Zerbitzuari atxikitako funtzionarioen uniforme berriaren oinarria kolore gorri eta urdina dira, eta, halaber, Miñoien atalaren bereizgarri homogeneizatuei eusten zaie. Aldaketek, gehienbat, diseinuari eragiten diote, diseinu ergonomiko eta erosoagoa hautatu baita, bai eta materialei ere. Hala, esate baterako, uretarako jantziak ere aldatu egin dira: poliuretano astunagozkoak ziren lehengoak, zurrunagoak, eta transpirazioa eragozten zuten; berriak, aldiz, mintz iragazgaitzez eginak dira, Goretex transpiragarrizko ehunez, eta polizia zereginetarako diseinatuak dira.