Erabiltzaileen %12,5eko igoera izan du Arabako Foru Aldundiko garraio zerbitzuak Aiaraldean

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2017ko abu. 29a, 07:16

Araban %20koa izan da igoera eta Aiaran %12,5ekoa.

Arabako Foru Aldundiaren herri arteko errepidezko garraiobideetako bidaiarien kopurua 2017ko lehenengo seihilekoan, batez beste, % 20 handiagoa izan da iazko aldi berean baino. Urtarriletik ekainera arteko hilabeteetako erabiltzaile kopurua, guztira, ia-ia 400.000ra heldu da, eta iaz izandako goranzko joerari eusten dio.

Ibilbide eta maiztasunak oro har hobetu izana, autobus berriak, erosoago eta modernoagoak, zerbitzuan jarri izana eta ordainbide moduan BAT txartela ezarri izana dira hazkunde horren arrazoi nagusiak. Beste faktore bat azken urtean zehar sartutako aldaketak dira –zerbitzu, geltoki eta ordutegi berriak-, toki erakundeek eta erabiltzaileek eskatuak.

Araba Erdialdeko, Arabako Errioxako eta Aiarako lineak 2015aren bigarren erdian hasi ziren funtzionatzen eta 2017ko urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartean guztira 390.757 bidaiari izan dituzte. Kopuru horrek % 20ko gehikuntza izan du, 2016ko lehenengo sei hilabeteetan linea horietan bertan txartela erosi zuten 326.947 erabiltzaileekin alderatuta. Hazkunde tasa % 47ra igo da, 2015eko erregistroekin alderatuz gero.

Aldundiaren kontzesiopean Gasteiz eta Arabako gainerako herriak lotzen dituzten eta eskualde arteko garraioa ahalbidetzen duten hiru lineek garrantzizko gehikuntzak dituzte. Araba Erdialdeko eta Arabako Errioxako lineak nabarmentzen dira, % 24ko eta % 22ko gehikuntzarekin, hurrenez hurren. Aiarako bi lineek ere bi digituko hazkunde ehunekoa daukate: % 12,5.

Josu López Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko diputatuak uste du gehikuntza horien zergatia honetan dagoela: “ibilbideak eta maiztasunak hobetu izana, autobus berriak zerbitzuan jarri izana, eta ordainbide moduan BAT txartela ezarri izana; baita ere, azken urtean zehar hainbat lineatan sartutako maiztasun, geltoki eta ordutegi aldaketak, toki erakundeek eta erabiltzaileek eskaturik”.

López Ubiernak nabarmendu egin ditu Aiarako eta Arabako Errioxako udalerriei zerbitzua ematen dieten lineetan sartutako aldaketak, nagusiki helburu hauek izan dituztenak: Gasteizko ikastegietan matrikulaturik dauden eskualde horietako ikasleek haien zerbitzua erabili ahal izatea eskolara joateko, eta eskariaren gehikuntza garrantzitsuari erantzutea; Araba Erdialdeko kontzesioan sartutako ordutegi eta geltoki hobekuntzak ere azpimarratu ditu.

“Aldaketa eta hobekuntza hauek guztiak pausoz pauso jarri ziren martxan 2016an zehar, baina horien emaitza urte honen lehenengo erdian nabaritzen ari da”, adierazi du.

Diputatuak “oso balantze baikorra” egin du kontzesio berrien ezarketaz, eta eskertu egin du “arabarrek egunero foru garraioan konfiantza agertzea. Lanean jarraituko dugu ahal denaren neurrian hobetzen jarraitzeko herritarrei ematen diegun zerbitzu publikoa, haien mugikortasuna ziurtatzeko eta gizarte kohesioan eta lurralde orekain aurrera egiteko”.

Helburu horrekin hartutako azken ekimena joan zen ekainean zerbitzu arautegi berria onartzea izan zen, 10 eta 12 urte bitarteko haurrei pertsona heldu batekin joan gabe bidaiatzen uzteko, baldin eta beren guraso edo tutoreen idatzizko baimena badaukate. Neurri honen asmoa da adin horietako neskato eta mutikoek garraio publikoa erabili ahal izatea ikastegi eta kiroldegietara joateko.

Arautegi berriak bizikleta dohainik eramateko aukera ere ematen du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide