Arabako Foru Aldundiaren gobernu kontseiluak onartu egin du Amurrioren ur hornidura hobetzeko proiektua, asmoa delarik 1.561.083 euroko inbertsioa egitea. Hala betetzen da beste konpromiso bat, Araban azpiegitura hidraulikoak finantzatzeko URA agentziarekin iragan uztailean sinatutako esparru akordioan berretsien artetik.
Zehazki, gaur goizean, argi berdea eman zaio Amurrioko hartuneetatik ura eroateko proiektuari (ur hartune horiek Gorbea mendiaren magaletan daude, Arbaiza eta Lekide uharketan, eta Altube ibaitik punpatzen da ura), hau da, Askarganeko lepotik Izoriako EUAraino (Edateko ura tratatzeko estazioa).
Horri esker, ur horiek, Aspuruko EUAn tratatzen baitira –berrogei urte dituen instalazio batean, alegia– Izoriako EUAn tratatuko dira. Maroñoko urtegiko urak ere hara iritsiko dira.
Obra horien artean, halaber, ur tratatua Larrinbeko depositura eroateko azpiegitura ere eraikiko da. Hala, konponbidea ematen zaie agorraldietako ur hornidurako arazoei, herrigune horretan iturburuetako emaria urritu egiten baita.
Horrez gain, Kantauriko Urkidetza partzuergoaren asmoa da ur tratatuaren eroapen hori bera baliatzea Saratxo eta Lekamaña, eta Bergantza eta Bergantzagoitiko herriak hornitzeko. Jardun horrekin, herrigune horietako batzuek Amurriko banaketa sarearekiko daukaten zuzeneko konexioa bertan behera utzi ahalko dute, eta egungo Iperragako EUA baztertu.
Azkenik, Lezamako herriguneak ere jaso ahal izango luke sare hori eroapen berriarekin lotzearen onura.
Amaitzeko, proiektua gaur goizean onartu da, eta, hala, Amurrioko udalerriaren ur-hornidura bermatzeko obrak egiteko beharrezkoak diren desjabetzeak egin ahal izango dira orain ––obrak 2018an hastea da asmoa–.