A-625 errepidea egokitu eta berriturik Bizkaiko herrialdearen mugaren eta Amurrioko industria poligonoen artean, ibilbide seguruak eskainiko zaizkie zikloturistei, eta, halaber, bermatu egingo da Nerbioiko parke linealaren zidor eta ibilbideek jarraitasuna izatea.
Proiektuak, halaber, hobekuntza nabarmena ekarriko dio bide horren segurtasunari eta erosotasunari; gaur egun, istripu asko izaten direlako nabarmentzen da.
Josu López Ubierna Bide azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko diputatuak argudio horiek erabili ditu proiektu horren beharra aldezteko, eta azpimarratu du obra egitea “ezinbestekoa” dela Aiarako errepideak modernizatzeko. Lopez Ubiernak egin ditu adierazpenok, lurralde jareen azken osoko bilkuran onartutako mozioa nola bete den kontu emateko Arabako Batzar Nagusien aurrean egin duen agerraldian.
Mozio horrek proposatzen du, besteak beste, A-625 errepidearen berritzeak berma dezala zikloturisten segurtasuna, haren trazadura izan dadila kalitatezkoa Nerbioiko parke linealerako, eskain dezala Amurrioko industriaguneetarako sarbide on bat, eta, orobat, erraz dezala Lekamaña, Saratxo eta Urduña herrien arteko mugikortasuna. Orobat eskatzen du har daitezela kontuan Amurrioko Udalaren proposamenak eta presta dadila kronograma bat.
Lopez Ubiernak adierazi du ezen A-625 errepidearen berritzea eta egokitzea “ezinbesteko” proiektua dela Aiarako Kuadrillako errepideak modernizatzeko, eta azpimarratu du aukera emango lukeela bide tarte horretan istripuen tasa murrizteko, zeren, 2010-2016 aldian, 73 istripuizan baitira guztira, eta horietako 22 larriak, era batera edo bestera (2 pertsona hil ziren).
"A-625 errepide berriak nabarmen hobetuko ditu bidea erabiltzen dutenen segurtasuna eta erosotasuna, eta zikloturisten kolektiboa sartzen dut hor. Ziklistek bi aukera izango dituzte, seguruak: Nerbioiko parke linealeko zerbitzu bideak eta antzinako errepidea herritarrentzako erreserbatuko dira, eta errepide berri bat egingo da, 1,5 eta 2 metro arteko bazterbideekin”, adierazi du.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatu eta teknikariek uda aurretik aurkeztu zizkieten ibilbide horiek eskualdeko elkarte ziklistei, eta erantzun positiboa jaso zuten.
Nerbioiko parke lineala
Lopez Ubiernak, ondoren, azaldu du nola den A-625 errepidearen berritzea eta egokitzea bateragarria Nerbioiko Parke Linealarekin, eta iragarri du proiektuari erantsiko zaiola Amurrioko Udalaren eta Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailaren artean adostutako azken proposamena. “Proiektuak errespetatu egiten du Nerbioiko Parke Linealaren Plan Berezia, eta A-625 errepide berriaren obrekin batera gauzatuko du, gainera, plan hori”.
“Zehazki, parkea egingo da, bizikletarientzako eta oinezkoentzako bidezidorrarekin, Tubacex-eko poligonoaren sarbideen eta Saratxo herriaren artean”, gehitu du.
López Ubierna agertu da Errepide Zerbitzuaren arduradunekin batera, teknikoki azaltzeko nola bermatzen duen proiektuak Lekamaña, Saratxo eta Urduña herrien arteko lotura, segurtasuna handituz, ezabatu egiten ditu-eta ezkerrerako bira guztiak, eta azelerazio eta desazelerazio erreiak sartzen, eta, batzuetan, behar den denbora ere laburtuz. Era berean, iragarri du konpromisoa hartuko duela Lekamañara sartzeko bidea hobetzeko.
Azkenik, mozio hori betetzearren, iragarri du kasu egingo diola Amurrioko Udalaren eskaerari, galdegin baitzuen aztertzeko zehaztasunez ea lotu ote litezkeen A-625 errepidea eta industriaguneak lotune goratu baten bidez. “Lehen azterlan batek baztertu egin zuen aukera hori, segurtasun arrazoiengatik, lurzoruari eragiten zaiolako eta okupatu egiten delako, baina beste txosten bat eskatuko dugu, aldez aurretik jakinik soluzio horren zailtasun teknikoen berri”.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak amaitu du dagoeneko aurreikusitako jardueren kronograma. Txosten hori urtea amaitu aurretik egongo da prest, 2018aren amaieran edo 2019aren hasieran hasi ahal izateko proiektua lehiaketan eskaintzeko behar diren izapide guztiak, eta 2019an esleitu eta hasi ahal izateko obrak. “Hori da gure helburua, eta lanean hasiko gara”.
Izan ere, Arabako 2018rako aurrekontuen proiektuan bada partida bat lehiaketarekin zerikusia duten gastuetarako eta hurrengo ekitaldietako konpromiso kredituetarako.