Guztira 3.200 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute Laudioko Kasinoa ate irekien jardunaldien lehenengo bi asteetan, eta Urkixoko markesek XX. mendearen lehen herenean altxaturiko eraikin historikoa goitik behera zaharberritzearen historia eta prozesua ezagutu dute. Higiezina azaroaren 19ra arte egongo de jendeaurrean irekita.
Arabako Foru Aldundiak Kasinoa inauguratu zuen joan den irailaren 19an, zaharberritzen milioi bat eurotik gora inbertitu ostean, eta programatu zuen hurrengo egunetik aurrera ate irekien jardunaldiak egitea lau astez, asteburuak eta jaiegunak barne, Laudioko herritarrek "in situ" ezagutu dezaten esku hartze honen emaitza.
Eraikina bisitatzen duten pertsonek, gainera, aukera izango dute hamar minutuko eta hiru zatitan banaturik dagoen ikus-entzunezkoa ikusteko: Urkixoko markesen historia eta Laudioko bizitza soziala XX. mendearen lehenengo zatian; Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak zer egoeratan aurkitu zuen eraikina 2015ean; eta zaharberritze prozesua.
Guztira 3.200 lagunek bisitatu dute Kasinoa irailaren 20tik urriaren 5era bitartean, eta hango gelak ikusteko aukera izan dute, adibidez, beheko solairuan dagoen egongela, bere leihateak eta guzti, eta goiko terraza, Lamuzako Parkera bistak dituena. Eraikinean Antonio Oyarzabal herriko piano jotzailearen kontzertu bat izan zen joan den irailaren 30ean.
“Laudioarrek ate irekien jardunaldi hauei emandako erantzunak erakusten du Laudioko herritarrek zer interes eta gogo zuten Kasinoa, pertsona askoren bizitzarekin lotutako higiezina, zaharberriturik ikusteko eta hartaz gozatzeko. Oraindik ikusi ez dutenak hara hurbiltzera animatzen ditut, hartaz harro egongo baitira” esan du Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko diputatuak.
Inbertsio berriak
Gonzalezek adierazi duenez, Laudioko Kasinoaren historia eta arkitektura ezaugarriak direla-eta kasino hori "Laudioko bizitzaren eta politika turistikoen gune nagusi bihurtuko da”, eta berretsi du foru gobernuak duen konpromisoa datozen ekitaldietan Lamuzako Parkean inbertsioak egiten jarraitzeko.
Higiezina jendaurrean irekita egongo da urriaren 19ra arte, goizez (10:00-14:00) eta arratsaldez (17:00-20:00). Ordutegi jarraitua izan da larunbatean, 10:00etatik 23:00etara bitartean, SOS Lamuza Parkea elkarteak antolatu duen Lamuza Parkearen Egunaren ospakizunak direla-eta eraikinaren barruan izango diren jarduerak egiteko.
Ospakizun horretan honakoak izan dira, besteak beste: erakusketak, musika terrazan, musika emanaldiak beheko solairuko egongelan eta terrazan, eta film labur baten aurkezpena.
Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak 2,6 milioi euro inbertitu ditu legealdiko lehen zatian Ortuzainaren Etxea edo Musikaren Etxea goitik bera zaharberritzeko, jatorrizko egoerara itzularazteko eta jendearentzat berreskuratzeko. Datorren proiektua Kultura Etxea zaharberritzea izango da.
“Asmo sendoa daukagu Lamuzako parkean inbertitzen jarraitzeko, agintaldiaren bigarren zatian. Asmo hori datorren urtean gauzatuko da, berokuntza sistema berri bat, estalki berri bat eta leiho berriak jarrita Kultura Etxean”, esan du Cristina González diputatuak.