Arabako Foru Aldundia, gaur goizean zehar, zaldain handi bat ari da ezartzen Nerbioiko parke linealean, eta, berari esker, oinezko eta bizikletariek Nerbioi ibaia zeharkatu ahal izango dute Amurrioko udalerriaren parean. Garabi handi bat ari da goiz osoan zehar zaldaina ezartzeko lanetan; zaldaina 68 metro luze da, 163.900 euroko inbertsioa behar izan du.
Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatua gaur eguerdian hurbildu da azpiegitura hori ezartzeko obrak gainbegiratzera, eta nabarmendu du Nerbioiko parke linealaren zati berria egokitzeko obrak zeinen garrantzitsuak diren, aukera emanez Laudio eta Amurrio lotzeko, mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu handia eginez, eta hainbat herrigune lotuz, eta, gainera, Aiarako biztanleek lan lekuetara joateko beste aukera bat izango
dutelarik.
Behin lanak urte amaieran amaiturik, ibilbide berdeak, zeina urtean 200.000 erabiltzailek erabiltzen baitute, hamar kilometro eta erdi izango ditu guztira.
Zehazki, Arabako Foru Aldundiak Zamora zelaia eta Olako lotzen dituen zatia utziko du prest. Hala, buruturik izango da Aiarako bi herrigune horien arteko lotura, ibilbidea Gardea auzoan (Laudion) hasi eta Luiaondo eta Salbioko tren geralekua igaro ondoren Olako auzoraino helduko baita Amurrion, eta han bidegorrien udal sarearekin lotuko baita. Foru inbertsioa 350.000 eurokoa da, EGEF europar funtsek finantzatzen dutelarik % 50a.
“Nerbioiko parke linealaren ibilbide berdea lotura ardatz handia da mugikortasun jasangarrirako Araian, zeren eta Nerbioiko ibai korridorearen egituratze ahalmena baliatzen baitu, motor gabeko garraioa sustatzeko, dela bizikletariena nahiz oinezkoena, ez bakarrik aisialdirako eta turismorako, baita ere herriguneetatik lan lekuetara joateko ere.
Korridore hau, gainera, eremu geografiko kaltebera batean dago, zeina hiri eta industria hazkunde handiaren presio bereziaren pean bizi baita sobera artifizialdurik”, gogorarazi du Josean Galerak.