Josu López Ubierna Bide Azpiegitura eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak atzo aurkeztu zuen Amurrioko Udalaren Hirigintza, Obra eta Zerbitzuen Batzordearen aurrean azterlan teknikoa, aztertzen duena zer aukera dauden A-625 errepidea hobetzeko proiektuak udalerriko industria poligonoetarako sarbidea eduki dezan.
López Ubiernak, azterlana egin duen talde teknikoarekin batera, udal talde politikoei azaldu die Amurrioko Udalak proposatutako aukerek zer abantaila eta desabantaila dituzten (errepidean bertan errotonda, errepidearen gainetik egindako errotonda eta desnibelean egindako lotunea) bide segurtasunaren arloan, zer eragin izango duten beste azpiegitura batzuetan, nola eragingo dien lursailei eta nola okupatuko den lurzorua.
Azterlanak, halaber, proposamen bat jasotzen du A-625 errepidea berritzeko egungo proiektuan aldaketak sartzeko, hartara lurzoruaren okupazioa 6.000 metro kuadro baino gehiago murriztu, sarbide eroso eta seguru bat ziurtatu industria poligonoetarako eta Nerbioiko Parke Linealari jarraitasuna emateko.
Jardun hori sartuta doa 2019an A-625 errepidea hobetu eta egokitzen hasteko helburuaren barruan, berriki aurkeztutako aurrekontu proiektuan jasota dagoenez.
Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko diputatuak, hala, betearazi egiten ditu Amurrioko Udalean eta Arabako Batzar Nagusietan A-625 errepidea berritzeko proiektuari buruz onartutako mozioak. López Ubierna, hala, Arabako Batzar Nagusien aurrean agertuko da azterlan tekniko horren edukia azaltzera, eta, halaber, proiektuek erasaten dituen administrazio batzarrekin bilduko da.