Babestutako edukiak

Ogasunak aitorpena bidaliko die Arabako 113.000 familia baino gehiagori

Erabiltzailearen aurpegia Arabako Foru Aldundia 2018ko api. 12a, 09:10

Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saialaren diputatua, José Luis Cimiano; eta Ogasun Zuzendaritza, Teresa Viguri. / Arabako Foru Aldundia

Errentako kanpaina apirilaren 9an hasiko da Rentafácil modalitatean, eta Laudioko bulegoa apirilaren 11n irekiko da Rentaraba jendearentzat. Kanpainaren iraupena luzatu egin da, eta Ogasuneko bulegoetan arreta emateko postuak gehitu. Gainera, eutsi egin zaio aurretiaz egindako aitorpenak telefono mugikorraz onartzeko aukerari.

“Nahi dugu errentako kanpaina hau bizkorrago eta eraginkorragoa izatea, eta ahalegin handia egin dugu Arabako zergadunei tramiteak errazteko”. Hala esan du José Luis Cimiano Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak 2017ko ekitaldiko errenta kanpaina aurkeztean.

Zergadunak Arabako Foru Ogasunarekin egunean jarriko diren kanpaina honek zenbait berritasun dakartza, horiek guztiak eraginkortasun eta azkartasun handiagoa lortzeko asmoz. Esaterako, luzatu egin da kanpainaren iraunaldia, eta jendeari arreta eskaintzeko egun gehiago izango dira. Gainera, 4 postu gehiago ipini dira Gasteizko Samaniego kaleko bulegoetan, iazko kanpainarako gehitutako 3 postuei eransten zaizkienak. Denetara, 70 pertsona egongo dira arabarren aitorpenak kudeatzen -Aldundiko 22 langile eta 48 langile gehigarri- Arabako hiriburuko, Laudioko eta Guardiako bulegoetan.

Telefono mugikor bidez
Baita ere, handitzen segitzen du Rentafácilekin egindako aitorpenen kopuruak, hau da, Arabako Foru Ogasunak zergadunei eginda bidaltzen dizkien aitorpenak, beraiek onar ditzaten edo alda ditzaten. Kanpaina honetan, guztira, Ogasunak 113.045 aitorpen bidaliko ditu, ordenagailuaz edo telefono mugikorraz onartu ahal izango direnak. “Iaz 4.656 zergadunek erabili zuten telefono mugikorra beren aitorpenak onartzeko, eta espero dugu aurten tresna horren erabiltzaileen kopurua handitzea, kudeaketa bizkortu eta erraztu egiten baitu”, adierazi du Cimianok.

Laguntza programa berria
Beste berritasun garrantzitsu bat Rentared eta Autorrenta modalitateetan izango da, Arabako Foru Ogasunak kanpaina honetan abian ipini duen laguntza programa berria dela medio. “Programa berria erabilerrazagoa, azkarragoa eta intuitiboagoa da”, aurreratu du foru diputatuak. Zergadun batzuek beren aitorpena egiteko erabiltzen duten programa informatikoa da; ondoren, Ogasunera bidaltzen dute, interneten bidez nahiz finantza entitate laguntzaileen bitartez, edo bulegoetan bertan aurkeztu. Ia 9.660 pertsona baliatu ziren aukera honetaz iazko kanpainan.

Rent@raba
Rent@raba modalitaterako epea -hau da, beren errenta aitorpena ogasun bulegoetan edo finantza entitate, aholkulari bulego edo kudeatze agentzia laguntzaileetan egiten duten zergadunentzat- datorren apirilaren 11n hasi eta ekainaren 20an bukatuko da Aldundiaren bulegoetara datozenentzat; finantza entitate edo agentzientzat, berriz, pixka bat geroago hasiko da, apirilaren 20an. Ogasunak Gasteizen duen egoitzara eta Laudion eta Guardian dituen bulegoetara zergadun guztiak etorri ahal izango dira, salbu eta ekonomia jardueretan dihardutenak, 2017an beren ohiko etxebizitza saldu dutenak eta ekitaldian zehar balore higigarrien edo higiezinen hiru salmenta eragiketa baino gehiago egin dituztenak.

Horrela egiteko, hitzordua eskatu beharko dute apirilaren 9tik aurrera, Interneten bidez, www.araba.eus helbidean; telefonoz -901 50 40 30-; edo informazio puntuetan bertan: Gasteizen -Samaniego kalean-, Kanpezun, Murgian, Oionen eta Agurainen.

Murrizketak eta kenkariak
Ekitaldi honetan bere hartan iraungo dute PFEZaren kenkari eta murrizketek. Horien artean, hauek nabarmendu behar dira: ondorengoen kenkaria -585 euro lehenengo seme-alabarengatik, 724 euro bigarrenagatik eta 1.233 hirugarrenagatik- eta adinaren, ezintasunaren edo mendetasunaren kenkariak, graduaren araberakoak. Azpimarratu daitezke, baita ere, BGAEetako murrizketak, baterako zerga ordainketako kenkariak eta ohiko etxebizitzaren alokairu nahiz erosketako kenkariak.

Ordainketa eta sarrerak egiteko epeei dagokienez, Ogasunak gehienez 48 orduko epean itzultzen die zergadunei; hortaz, beren aitorpena onartzen duten lehenengo zergadunek datorren apirilaren 11tik aurrera kobratu ahal izango dute. Aitorpen positiboei (ordaintzekoei) dagokienez, banku helbideratze bidez kobratuko dira ekainaren 25ean.

Hala ere, eutsi egiten zaio ordainketa zatitzeko aukerari, interesik gabe eta bi epetan -ekainaren 25ean eta azaroaren 12an.

Ondarearen gaineko zerga
PFEZko kanpainarekin batera, Arabako Foru Ogasunak ondarearen gaineko zergako kanpainari ere helduko dio, aurten apirilaren 20tik hasita. 2017ko ekitaldirako, aurreikusten da 1.575 arabarrek aitortu behar izatea zerga hau, ondasun eta eskubidetan 2 milioi euro baino gehiago edo 800.000 euro baino gehiagoko ondare garbia daukatelako.

Ogasunaren aurreikuspenen arabera, ondarearen zerga dela-eta 16,5 milioi euro eskuratuko dira, hots, 10.476 euro zergaduneko, batez beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide