Arabako Errioxako Kuadrilla izango da Gasteiztik kanpo egingo diren familia harrerari buruzko informazio hitzaldiak hartuko dituen lehena. Izan ere, orain arte Arabako hiriburuan egin izan dira beti deialdi horiek. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen Sailari atxikitako erakunde autonomoak, erabaki du hitzaldiak lurralde historiko osora zabaltzea, errazago izan dezaten haietara joatea aldi batez gurasoekin ezin bizi eta behar bezala hazteko familia giro egonkorra behar duten haur eta nerabeak familietan hartzeko programa ezagutu nahi dutenek.
Zehazki, Gasteiztik kanpoko lehenengo hitzaldia ostegun honetan, hilaren 22an, izango da Guardian, 17:30etik 19:00etara bitartean, Garcetas etxean (Kale Nagusia, 52). Aurreikusitakoaren arabera, hurrengo deialdiak maiatzean Arabako Lautadako Kuadrillan eta urrian Aiarako Kuadrillan egingo dira.
Era berean, informazio hitzaldiak Gasteizen ere egingo dira. Hona hemen aurtengo egutegia: apirilak 23, maiatzak 21, ekainak 18, irailak 17, urriak 22, azaroak 19 eta abenduak 17. Hitzaldiak Harrera familiaren Laguntza Programak Araban dituen lokaletan izango dira (Olagibel kalea, 20, 1. solairua, 1. bulegoa), 17:30etik 19:00etara bitartean.
Harrera babes neurri bat da, aukera ematen diena haur horiei beraienak ez diren familietan hazteko eta, kaltea konpontze aldera, harremana eta lotura izaten jarraitzeko beren gurasoekin, dena delako arrazoiengatik ezin direlako elkarrekin bizi.
Harrera ezagutzea
Hitzaldi horiek Araban harrera familia izateko interesa duten pertsonei zuzentzen zaizkie, eta horietan harrera irudi horri buruzko oinarrizko alderdiak jorratuko dira eta adingabeen ezaugarri eta bizipenei, harreran protagonista direnen zereginei eta harreraren lege eta administrazio eremuei buruzko informazioa eskainiko da. Hitzaldiak dinamikoak izango dira eta, horretarako, bertaratutakoen parte hartzea eskatuko da.
Une honetan, babespeko 120 adingabe inguru daude harreran Arabako familietan. Hala ere, beste 200 adingabe harrera zentro eta etxeetan bizi dira, eta horietako asko familia harreraren onurez baliatu litezke. Profil heterogeneoa dute denek; hasi haur txikietatik eta nerabezarora artekoak dira, neba-arreba taldeak eta behar bereziak dituzten adingabeak.
Era guztietako familiek har ditzakete haurrak: familiek, bikoteek eta pertsona bakarrak, ondorengorik izan ala ez. Interesdunek Harrera familiaren Laguntza Programarekin harremanetan jartzeko nahikoa izango dute 945 77 30 52 telefonora deitzea edo acogimiento@araba.eus posta elektronikora idaztea.