Proiektuak A-625 errepidearen oinplanoko eta altxaerako trazadura egokitu eta hobetu nahi ditu 354,22 eta 357,3 kilometro puntuen artean, hau da, Bizkaiko probintziarekin muga egiten den gunearen eta Amurrioko industrialdeen artean, sestra aldaketak eta bihurgune arriskutsuak kentzeko, eta herriguneetara eta jabetza partikularretara sartzeko bideak segurtasun irizpideekin antolatzeko.
Errepide berria bi norabidekoa izango da eta haren galtzadak 3,50 metroko bi errei, 1,50 metrotik 2,00 metro bitarteko bazterbideak eta 0,75 metroko bermak izango ditu. Halaber, desnibelean egingo lotune bat jasotzen du, bide nagusia Amurrioko industrialdeekin lotzeko.
Lotura honen diseinuak aldaketak sartu ditu hasiera batean aurreikusitako proiektuan, lurzoruaren okupazioa 6.500 metro kuadroan baino gehiagoan murrizteko eta Nerbioi ibaiaren ibilgutik gehiago aldentzeko. Horrela, Nerbioiko parke lineala hobeto txertatzea ahalbidetu eta haren jarraikortasuna bermatuko da. Bi aldaketa horiek Amurrioko Udalak eta Arabako Batzar Nagusiek egindako mozioei erantzuten die.
Bestalde, Lekamañako sarbideko biribilgunea egokituta lurzoruaren okupazioa murriztea lortu da, baina haren funtzionaltasunean eta bide segurtasunean inolako kalterik eragin gabe. A-625 errepidea berritzea proiektu giltzarria da Aiarako Kuadrillako errepideen modernizazioan, tarte horretako istripu tasa murrizte aldera. Izan ere, 2007-2017 aldian 139 trafiko istripu gertatu ziren han; horietatik 48 istriputan biktimak egon ziren, zehazki, 6 hildako, 4 zauritu larri eta 69 zauritu arin. Hain zuzen ere, hiru kilometro eta erdi horiek istripu ugariko bide zati gisa ageri dira 2000. urteaz geroztik eginiko azterlan guztietan.