Arabako Foru Ogasunak joan de urtearen aldean 40,3 milioi gehiago bilduta itxiko du 2018a. Krisia hasi zenetik marka bat egin da dirubilketan, serie historikoan zenbatekorik altuena. Guztira, dirubilketarako aurreikusi den igoera %1,7 da, gutxi gorabehera, 2.343,5 milioi euro.
Zenbateko horiek Ramiro Gonzálezek eskaini ditu zituen joan den urriaren 11n, Arabako Batzar Nagusietan Finantzen Euskal Kontseiluak egindako aurreikuspenen eguneraketaren berri emateko egin zen agerraldian. “Ekonomia aldetik urte ona izan da Arabarako, eta garaia da aldeko egoera hau zuhurtziaz eta kudeaketa ona eginez aprobetxatzeko".
Dirubilketak gora egingo du 2017ko urtearen aldean, kontuan izanda ere joan den urtean euskal ogasunek aparteko diru sarrera bat jaso zutela Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan kupoari buruz lortu ziren akordioen ostean. Hala ere, alde batera uzten baditugu aparteko diru sarrera horien ondorioak eta zergen bilakaera besterik ez badugu kontuan hartzen, handiagoa izango da hazkundea, % 6 baino gehiagokoa.
Ramiro Gonzálezek zerga bakoitzaren bilakaera aztertu du. Horrela, PFEZerako kalkulatzen den hazkundea %8,3koa da 2017ko urtearen aldean. "Hori dena, enplegua eta haren kalitatea hobetzeari esker”, azaldu du diputatu nagusiak. Horrez gain, adierazi du lan atxikipenak (besteren konturako langileak) %4,3 hobetuko direla eta Profesionalen eta Enpresarien (langile autonomoak) ordainketa zatikatuak %6,8 igoko direla.
Sozietateen gaineko zergaren pisua hazi egingo da
Sozietateen gaineko dirubilketari dagokionez, 2017ko urtearen aldean %7,3 gehiago biltzea aurreikusita dago. González pozik agertu da Arabako enpresen etekinen zerga bidezko ekarpenak pisua berreskuratu duelako eta, bigarren urtez, dirubilketaren guztirakoaren %9,3ra heldu delako.
BEZaren dirubilketari dagokionez, gutxi gorabehera %6,3 igotzea kalkulatu da, batez ere, barne kontsumoari eta berorren bizitasunari esker: “Nagusiki zerbitzuen eta industriaren sektoreak hobetu dira”, adierazi du Gonzálezek. Hori guztia, Arabako ekonomiaren izaera esportatzailea gorabehera, Arabako dirubilketa zigortzen baitu.
Ramiro Gonzálezek Euskal Autonomia Erkidego osorako aurreikusita dagoen dirubilketa ere gogoratu du; izan ere, 14.391,3 milioirekin itxiko du urtea, hau da, 2017an baino %1,6 gehiago.
Era berean, Arabako diputatu nagusiak gogoratu du Ekarpenen legeak orain ere funtzionatu duela eta Arabak bere koefiziente horizontalaren %99ra iristea lortu duela, 2015a itxi zenetik gertatu ohi den bezala. Ildo horretatik, adierazi duenez "Finantzen Euskal Kontseiluak osatzen duten erakunde guztiek idatzizko konpromiso bat lortu dute, 2018ko likidazioan lurralde historiko guztietarako koefiziente horizontalaren %99 bermatzen ez bada, berehala zuzentzeko neurri gehigarriak aztertzeko”. Beraz, berme bat dugu, baliabide banaketaren ondorioz lurralde bat ere kalteturik ez gertatzeko.
Azkenik, Finantzen Euskal Kontseiluak hainbat dirubiketa aurreikuspen egin zituen 2019rako, eta horiek oinarritzat hartuko dira datorren aurrekontua egiteko. Horrela, 2.422,7 milioi eurokoa da datorren urterako egin den aurreikuspena Arabako zerga itunduak biltzeari dagokionez, dirubilketan Estatuarekiko BEZaren doikuntzak sartzen baditugu. Horrek %3,4ko igoera dakar 2018a ixteko aurreikuspenaren aldean, hau da, 89,2 milioi euro gehiago. Ildo horretatik, Gonzálezek gogorarazi du “Arabako toki erakundeen baliabideak 14 milioi euro gehiago izango dira 2018rako aurrekontuan jasotakoa baino”.