Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Sailak informazio taula handi bat jarri du Gasteizko Lakua auzoan autokarabanetarako dagoen aparkalekuan, lurralde historikoan ibilgailu horietarako beren-beregi dauden gune eta baliabideen berri emateko.
Informazio taula horretan probintziako mapa dago, eta bertan kokatzen dira herri hauetako jendearentzako irekita dauden autokarabanetarako guneak: Laudion, Amurrion, Artziniegan, Langraiz Okan, Eltziegon, Bastidan, Oionen, Urizaharrean, Agurainen eta Santikurutze Kanpezun.
Autokarabana gune bakoitza maparen albo batean kokatuta haren posta helbidearen eta GPS koordenatuen bidez, eta, horrez gain, informazio praktikoa ematen da, hala nola, plaza kopurua.
Informazio taula hizkuntza askotan dago (euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez) eta QR kode bat du “Autokarabana turismoa Araban” liburuxka deskargatzeko hainbat hizkuntzatan.
Ekimen horrek jarraipena ematen dio urtearen hasieran abian jarri zen Araba autokarabana turismoa egiten duten bidaiarien jomuga izateko sustapen kanpainari. Kolektibo horrentzat Nazioarteko Turismo Ferian (FITUR) eskaintza berezi bat aurkeztuta hasi zen kanpaina eta, ondoren, blog eta webgune espezializatuetan izan zuen jarraipena.
“Orain beste urrats bat ematen dugu informazio mapa honekin. Gasteizek Lakuan duen gunea da autokarabanak hartzeko Arabako gune nagusia, eta bidaiari horiei jakinarazi nahi diegu zer zerbitzu jartzen diegun eskura lurraldeko txoko guztiak ezagutzeko”, azaldu du Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko diputatuak. “Lan honi jarraipena emango diogu honelako informazio taula Arabako gainerako autokarabana guneetan arian-arian jarrita", gaineratu du.
Autokarabana turismoa gorantz doa barne merkatuagatik, baina, batez ere, kanpoko merkatuaren bultzadagatik: joan zen urtean Espainiara 250.000 autokarabanista atzerritar inguru heldu zirela kalkulatzen da. Eta Araba, nabarmendu diputatuak, “gune aproposa da horrelako turismorako, gaua pasatzeko duen sareagatik, errepide onengatik, natura mukuruagatik, lasaitasunagatik eta segurtasunagatik...".
Gonzalezek adierazi du autokarabana turismoak bisitarien sarrera “sasoiz kanpo” egiten laguntzen duela urte guztian zehar, horrelako bidaiariek erraztasun handia baitute goi denboralditik kanpo mugitzeko. Gainera, lurralde historikoko eskualdeetatik turisten banaketa orekatua errazten du.